Amaierara iristen ari da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Gaur arratsaldean ekingo diote finalaurreko faseari, eta hiru saiotan erabakiko da zein 8 bertsolarik osatuko duten final haundiko kartela.
Gaurkoan Hernaniko Bertso Eskolako bi ordezkari igoko dira Oiartzungo Elorsoro kiroldegiko oholtzara: Eli Pagola ereñotzuarra eta Asier Azpiroz 'Azpi' zubietarra. Kantukide izango dituzte Beñat Gaztelumendi, Nerea Elustondo, Ane Labaka eta Oier Etxeberria.
Egin beharreko lanei dagokienez, zenbat berezitasun izango dira finalaurreko saioetan. Guztira, 17 bertso puntuagarri abestu beharko ditu bertsolari bakoitzak, ondorengo ordenean: binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiru bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian launa bertso; ganbara: binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte; eta bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Arratsaldeko 17:00etan hasiko da saioa, eta azken sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus webgunean.
Hurrengo zitak Zarautzen eta Arrasaten izango dira
Gaurkoa izango da lehenengo finalaurrekoa, eta beste bi jokatuko dira datozen asteetan. Hilaren 24an Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian arituko dira Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Aner Peritz 'Euzkitze', Unai Mendizabal, Eneritz Artetxe eta Eneko Araiztegi.
Abenduaren 1ean, berriz, Arrasateko Uarkape pelotalekuan abestuko dute Agin Laburu astigartarrak, Eñaut Martikorena hernaniarrak, Andoni Rekondo hernaniarrak, Maider Arregik, Oihana Iguaranek eta Iñigo Manzisidor 'Mantxi'k.
Oiartzungo eta Arrasateko saioen jarraipena, Kronikan
Lehenengo eta azkeneko finalaurrekoan abestuko dute bailarako bertsolariek, eta Kronikak bi saio horien jarraipen berezia egingo du. Egunean bertan webgunean argitaratuko du bakoitzeko informazioa, eta paperean ere irakurri ahal izango dira kronikak.