Bailarako emakume taldeak A25 eguna prestatzeko lanetan dabiltza

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 16a, 00:00

Astigarragako Emakumeon Etxeak eta Hernaniko Koordinadora Feministak zenbait hitzordu jarri dituzte A25aren bueltan.

Gerturatzen ari da A25 eguna, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, eta bailarako emakume taldeak hasiak dira egun hau prestatzen. Astigarragako Emakumeon Etxeak zenbait hitzordu prestatu ditu datorren asterako, eta azaroaren 25a lantzeaz gain, fokua indarkeria bikarioan ere jarri dute. Bestalde, Hernaniko Koordinadora Feministak ere zenbait ekintza antolatu ditu eta A25 prestatzeko azken bilera egingo dute asteartean.

 

Emakumeon Etxea

Astigartarrek zenbait ekintza antolatu dituzte A25aren bueltan, eta fokua, indarkeria bikarioan jarriko dute. Horretarako, kafe tertulia antolatu dute azaroaren 22an, arratsaldeko 18:00etan Emakumeon Etxean bertan. Izena ematea beharrezkoa izango da, eta zaintza zerbitzua behar izanez gero, azaroaren 18a baina lehen jakinarazi beharko da. 

Azaroaren 25ean 'Ez bazara konponbidea, arazoa zara' lemapean egingo dute manifestazioa, arratsaldeko 18:30etan Erriberatik hasita. Azkenik, azaroaren 26an hitzaldia egingo dute, genero indarkeriak seme-alabengan duten eraginaz. Arratsaldeko 18:30etan Emakumeon Etxean izango da, eta zaintza zerbitzua behar izanez gero, azaroaren 20a baina lehenago jakinarazi beharko da. 

 

Koordinadora Feminista

Hernaniko Koordinadora Feminista ere martxan da A25aren bueltan, eta astelehenean egingo dute azken bilera, arratsaldeko 18:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan. 

Azaroaren 25ean kazerolada ibiltaria egingo dute herrian, arratsaldeko 19:00etan hasita, Plaza Berritik. «Herritarrak bertan parte hartzera animatu ditugu, indarkeria matxistaz nazkatuta gaudela adierazteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!