Tokikom Sarietan finalista izango da Kronika, bizikidetzari buruzko erreportajeagatik

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 16a, 00:00

2023ko azaroaren 11ko alean argitaratu zuen Kronikak erreportajea.

'Edukirik onena' atalean jaso du izendapena Kronikak, iazko azaroan argitaratutako erreportajeagatik. Uztarria Guka eta Anboto dira beste bi finalistak, eta azaroaren 22an egingo dute sari banaketa ekitaldia.

«Horrelako ekimen batek erakusten du ideologien gainetik dagoela gizatasuna»; horixe izan zen 2023ko azaroaren 11n argitaratutako bizikidetzari buruzko erreportajearen titularra. Orain, urtebeteren ondoren, Tokikom Sarietako 'Eduki onena' izateko izendapena jaso du Kronikak, Uztarria Guka eta Anboto hedabideekin batera. Toki Komunikabideen Bateraguneak (Tokikom) antolatutako ekitaldiaren 8. edizioa da aurtengoa: «Sarion helburu nagusia toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea da».

Kronikako erreportajeak bizikidetzaren aldeko herritar ekimenean parte hartu zuten hamar pertsonen testigantzak biltzen ditu, eta horiekin islatzen du Euskal Herriko gatazka armatuak Hernanin utzi duen arrastoa. Zenbait urtetako prozesuaren amaiera izan zen taldeak eskainitako elkarrizketa, eta guztien artean eratorritako ondorioak zehatz eta zuzen azaldu zituzten bertan. Izendapenean ere horixe hartu dute kontuan: «Gaira hurbiltzeko sentsibilitatea eta bizikidetzaren arantzak kudeatzeko modua ongi jasota geratu dira testuan. Hitzetara oso ondo ekarri dituzte pertsonen bizipen latzak eta elkarrekin aurrera egiteko nahiak».

Beste bi finalistek ere tokiko bi istorio sakonekin eskuratu dute izendapena; Uztarriak Azpeitiako azken familia inprenta itxi eta gutxira egindako testuagatik, eta Anbotok Palestinako genozidioa Berrizen babes hartu zuten familien ahotik azaldutako erreportajearekin.

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 22an izango da, Artikako Kultur Etxean. Bertan jakinaraziko dute Tokikomeko kideek zein den aurtengo irabazlea.

Urteko edukirik onena saritzeaz gain, beste bi sari ere banatuko dituzte Artikan; azalik onena eta ikus-entzunezko eduki onena. Sari horietako finalistak dira Puntua, Guaixe, Karkara, 28 kanala, Antxeta Irratia eta Hiruka

  

Tokiko komunikabideei buruz hausnartzeko tartea izango da ondoren

Behin sariak banatuta, tokiko komunikabideei buruz hausnartzeko tartea izango da Artikako Kultur Etxean. «Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko. Horretarako, hiru ponentzia mamitsu antolatu ditu, erronka horien artean kokatzen diren hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskararen beraren etorkizuna, lanen eta baliabideen antolakuntza hobetu beharra, eta hedabideen inguruko komunitategintza».

Lehenengo hitzaldia emateaz HUEZIKO Jon Sarasua arduratuko da; Euskararen Gogoetaguneak egindako lanketaz hitz egingo du, hedabideetan azpimarra jarrita. Bigarrena AEK-ko Lurdes Etxezarretak eta Xabier Garciak eskainiko dute; kasu honetan AEK-k azken urteetan barne integrazioaren eta antolaketaren alorrean egin dituzten lanketak azalduko dituzte. Azkenik, hirugarren hitzaldian ElDiario.es-eko Ramón Argelinak hartuko du hitza; hedabide horretako fidelizazio arduraduna da Argelina, eta haien estrategiari buruz hitz egingo du.

Datozen egunean hizlariei egindako elkarrizketak irakurgai egongo dira kronika.eus webgunean. 

 

2019an Erreportaje Onenaren Saria jaso zuen Kronikak

Orain dela bost urteko edizioan Erreportaje Onenaren Saria jaso zuen Kronikak, 'Urik gabeko urtegi, orain laborategi' lanagatik. Orduko hartan Artikutzako urtegiari buruzko erreportajeagatik jaso zuen saria, Artikutzako urtegi hustu berrian, bioaniztasunaren inguruan egin zituzten ikerketak landu zituen Kronikak, erreportaje horretan.

 

TOKIKOM SARIAK 2024

 

ARTIKAKO KULTUR ETXEA - AZAROAK 22

Edukirik onena

KRONIKA. Gizatasuna ideologien gainetik. 
UZTARRIA GUKA. Gelditu dira inprentaren makinak.
ANBOTO. Gazatik ihes eginiko 25 palestinarrek Berrizen hartu dute aterpe.

Azalik onena

PUNTUA. Biniloa 
KARKARA GUKA. Olatu berrien bila.
GUAIXE. Matxismoa ari du.

Ikus-entzunezko onena

28 KANALA. Haritik tiraka. Tokiko Merkataritza.
ANTXETA IRRATIA. Uhin inklusiboak.
HIRUKA. Bene Markaida

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!