Iragarki bat Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, beste bat Espainiakoan, albisteak hedabide ezberdinetan, zurrumurruak kalean... Informazio gutxi, eta are zehaztasun gutxiago dago, orain arte, Urumea bailaran eraiki nahi dituzten parke eolikoen inguruan. Baina hala ere, edo beharbada horrexegatik, pil-pilean dago gaia azkeneko aste eta hilabeteotan. Hitzaldiak antolatu dituzte herriz herri, gaiaren inguruko ezagutza duten eragileekin. Eta herritar taldeak ere antolatu dira, eolikoen kontuari heltzeko: Urumeako Mendiak Bizirik plataforma ari da lanean Aranon, Hernani Burujabek eolikoen lantaldea sortu du, eta Goizuetan ere eratu berri da talde herritar bat.
Gauzak horrela, bailarako udalekin eta herritar taldeekin elkartu da Kronika, gaiaren inguruan duten ezagutza ez ezik, haien iritzia, ikuspuntua eta kezkak biltzeko.
Tamaina ezberdineko bi proiektu, elkarren arteko lehian?
Udalek jaso dute informazio 'ofizial' gehien, bilerak izan baitituzte proiektuak lantzen ari diren enpresekin. Kronikari azaldu diotenagatik, bi proiektu ari dira lantzen Urumea bailaran parke eolikoak eraikitzeko. Ikatzgain proiektua da bata, enpresa bizkaitar batek sustatutakoa, txikiagoa: bost haize-errota, Hernaniko lurretan, Aranorekin mugan. Bestea, berriz, FE Energy enpresa ari da lantzen, atzetik Repsol duela, hainbat herri hartuko lituzkeen proiektu batekin; tartean, Arano, Goizueta eta Hernani.
Hortik aurrera, zehaztasun haundirik gabeko informazioa jaso dute udalek. Hernaniko Udalak aurreko astean ikusi ahal izan zuen pantailan, aurreneko aldiz, FE Energy enpresak non kokatu nahi dituen haize-sorgailuak. Gainerako udalek ez dute informazio hori jaso, oraingoz.
Antza denez, kokalekuan talka egiten dute bi proiektuek, eta beraz, ezingo lirateke biak gauzatu bere horretan. Kontua da proiektu txikiaren baimenen tramitazioa Eusko Jaurlaritzari dagokiola, eta haundiarena Espainiako Gobernuko Ministeritzari. Eta horretan ere, zalantza sortzen da: baimena lehenengo lortzen duena gailenduko da, eta bestea bertan behera geratu?
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak azaldutakoaren arabera, FE Energy enpresak urtea bukatu aurretik aurkeztuko du bere proiektua, eta helegiteak aurkezteko epea zabalduko da orduan. Ikatzgain proiektuak, berriz, aldeko erresoluzioa jaso du Eusko Jaurlaritzaren eskutik, baina helegitea aurkeztuko omen du FE Energyk, erabaki horren kontra.
Ingurumen inpaktuarekiko kezka, eta berriztagarrien inguruko hausnarketa
Proiektu bat ala bestea izan, bietako bat gauzatzekotan, eragina ezberdina izango litzateke bailarako herrietan. Hala utzi dute agerian udalek eta taldeek, Kronikarekin hizketan. Bilerak egin dituzte udalek gaia lantzeko, informazioa partekatzeko, eta postura amankomun bat hartzeko beharra ere jarri dute mahai gainean.
Proiektu eolikoen gaiak, hausnarketa eta ikuspuntu ezberdinak azaleratu ditu. Batetik, izango luketen ingurumen inpaktua nabarmendu dute, nola haize-sorgailuek eurek, hala bertara igotzeko sarbide zabalek. Inguru horietako aberastasun natural eta arkeologikoa babesteko beharraz ere aritu dira, babestutako espeziez eta mairubaratzez josita baitago zonaldea.
Baina, bestetik, energia berriztagarrien inguruko eztabaida ere jarri dute mahai gainean. Denek egin dute bat, ezin zaiola energia beharrari «edozein modutan» aurre egin, baina energia beharrari erantzuteko, «zoritxarrez» horrelako proiektuak beharko direla ere aipatu dute; betiere, herritarren eta udalen partehartzearekin.
Bereziki kezkatuta daude aranoarrak, haiek izango bailituzkete haize-sorgailuak gertuen, orain arte aipatu diren kokalekuen arabera. Haize-sorgailuak «ikusi ez ezik, sentitu ere» egingo lituzketela salatu dute, eta herria «inbaditu» egingo luketela.
Egoera horretan, denak daude proiektuak ikusteko zain, orduan jasoko baitute informazio zehatzagoa, nola jokatu eta zein norabide hartu erabakitzeko.
Bost artikulutan jaso ditugu bailarako herrietako udalek eta herritar taldeek Kronikari azaldutakoak, hemen irakurgai.