Bihar goizean jokatuko du Ur Miak, Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren semifinala. Ategorrietaren kontra jokatuko du, eta donostiarren bolatokian ariko dira, Ategorrietan bertan, 10:30etan hasita. Torneoa hasi aurretik zegoen hala zehaztuta, eta kontrarioen etxean aritzea tokatu zaie ereñotzuarrei, ligaxkan hobeto sailkatu arren.
Izan ere, Beheko B multzoko lider izan da Ur Mia, joan den astean Elur Txoriri irabazi (6,5-9,5) ondoren, Benta Berrin. Emaitza horrekin, txapelketatik kanpo geratu dira hernaniarrak, Ibarra-Belauntza izan baita multzoko bigarren sailkatua.
Tolosaldeako taldeak atzo iluntzean jokatu zuen bere semifinala, Lasarteko Ostadarren kontra. Atzoko irabazlea eta biharkoa ariko dira final haundian, Goiko multzoetako irabazleekin batera. Horietako bat izango da Segurako Txoritegi, asteartean irabazi baitzion semifinala Gabiriri. Beste semifinalean, berriz, Legazpiko Danantzako eta Zeraingo Liztormendi ariko dira, gaur goizean.
Gaur zortzi jokatuko dute finala lau talde onenek, azaroaren 23an, Gabiriko bolatokian. Egun horretan izango da emakumezkoen txapelketaren finala ere, eta Liztormendi eta Ategorrieta ariko dira elkarren kontra, ligaxkako onenak izan baitziren. Kasu horretan, ez dute semifinalik jokatuko.