Jaialdia ostiralera aurreratuta, gaur jokatuko dute Binakako Txapelketaren partidu bat, bereziki garrantzitsua Imanol Ansa urnietarrarentzat eta Aritz Juanea saldiastarrarentzat: bai ala bai irabazi behar dute, Javier Urrizaren eta Iban Larrañagaren kontra, txapelketan bizirik jarraitu nahi badute.
Ligaxkako laugarren partidua izango da bi bikoteentzat, arratsaldeko 18:00etan hasita Galarretan. Sailkapeneko azkeneko postuan daude Ansa eta Juanenea, puntu negatibo batekin; eta urruti dauzkate beste hiru bikoteak: 9 punturekin dira Segurola eta Barrenetxea; 8rekin Urriza eta Larrañaga; eta 7rekin Ezkurra eta Azpiroz. Gaur galtzeak, ia txapelketatik kanpo utziko lituzke. Urrizak eta Larrañagak, berriz, lidertza eskuratuko lukete irabazita.
Maila haundiko partidua aurretik, Aritz Zubiri tarteko
Txapelketakoa izango da jaialdiko partidu nagusia, baina beste bat ere jokatuko dute aurretik, hori ere maila haundikoa. Horretan, Aritz Zubiri goizuetarra ariko da, Josetxo Ezkurrarekin batera; eta kontrario izango dituzte Kemen Aldabe eta Xabier Azpiroz. Binakako Txapelketakoa bezalaxe, hiru setera jokatuko dute partidu hori ere.