Euskeraz sorturiko karta-jolas berria aurkeztu du Hezten elkarteak: 'Korapilatu'. Jolasa diseinatzen eta probatzen ibili ostean, 'Hitz, irudi eta hizkiak lotu eta pilatu!' lelopean aurkeztu dute berrikuntza, aisialdi euskaldunagoa sortzeko lanean beste pausu bat aurrera emateko helburuarekin.
Pertsonen garapena oinarri izanda, heziketa prozesuak diseinatu eta garatzen ditu Hezten elkarteak. Euskaratik eta euskaraz heziketa ez formala eta hizkuntzaren normalizazioa dira elkartearen zutabeak. Hilabeteak eman dituzte jolasaren diseinuak eta proba lanak egiten, eta azkenean, aurkeztu dute jolas berria.
Jolasean, hizkiak, hitzak eta irudiak topatu daitezke. Karta guztiek irudiak dituzte alde batean eta bestean. Helburua hitzen, eta irudien arteko lotura egitea izango da (hitz-hitz, irudi-irudi edo irudi-hitz). Hemendik aurrera, jolasak aukera mordoa ditu, hitzek eta irudiek bakoitzari iradokitzen diotena askotarikoa izan daitekeelako, beraz, milaka dira sortu daitezkeen loturak. Elkartetik, hiru jolas proposatzen dituzte, kaxan azalduta daudenak, baina hortik aurrera, irudimenari eragin eta jolas berriak ere asmatu daitezkeela azaldu dute.
Haur, gazte nahiz helduen aisialdirako diseinatutako jolasa da. Diseinu lanetarako Irrimarra ilustratzailearen eta Sorland agentziaren laguntza izan dute Hezteneko kideek, eta Euskal Herrian bertan sortu, diseinatu eta ekoitzitako jolasa izan da. Durangoko Azokan egongo dira elkarteko kideak proiektu berri hau aurkezten, baina dagoeneko eskuragarri dago hezten.eus atarian.