Dagoeneko salgai daude Bertso Gutiziak saiora joateko txartelak, herritar ororentzat eta nahi beste. Orain arte, Kronikakideek eta Doberako bazkideen txanda izan da, eta bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izan ditu. Gaurtik aurrera, berriz, herritar orok eskuratu ahal izango ditu sarrerak, eta nahi beste erosi ahal izango dira. 62 besterik ez dira gelditzen, beraz, asmoa duena azkar mugitu beharko da.
Azaroaren 29an ospatuko da aurtengo Bertso Gutiziak, Basque Culinary Centerreko aretoan. Bertan, bertsoak eta sukaldaritza elkartuko ditugu, ostiral gaua goxatzeko asmoz. Berezia izaten da Basque Culinary Centerreko kideekin batera antolatzen dugun saio hau. Kantuan Unai Agirre hernaniarra, Eli Pagola ereñotzuarra, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia arituko dira, eta aurretik gaien errezeta prestatzeaz Aritz Zerain ereñotzuarra arduratuko da. Bertsoek utzitakoaz aritzeko, luntx-afaria izango da jarraian. Bailaran oso gustuko ditugun bi gauza elkartuko ditugu aretoan, baina formatu berezian, elkar loturik egiten baitira gehienetan, edo bata bestearen atzetik.
Bailarako herritarrak egun hau gurekin batera ospatzera gonbidatu nahi ditugu, baita Kronikaren alde beraien aletxoa jartzera ere. Sarrerak Kronikaren bulegoan egongo dira salgai, Hernaniko Larramendi kaleko 11. atarian. 30 euroren truke, profesionalen eskutik afari goxoaz eta bertsoez gozatzeko aukera izango da.