Puntu bana Hernaniko bi talde nagusiek, eta garaipen haundia Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 12a, 00:00

Maddi Grijalba, defentsako lanean.

1-1 berdindu zuten Hernaniko neskek Zubipen eta mutilek Añorgan. Mundarroko mutilek 3-1 menderatu zuten Orioko.

Partidu gogorrak zeuzkaten bailarako futbol talde nagusiek, hiruek ere beraien ligako bigarren sailkatuaren kontra; eta porrotik gabe bukatu dute asteburua: puntu bana eskuratu dute Hernaniko neskek zein mutilek, eta garaipen ederra lortu dute Mundarroko mutilek.

Gogotik egin behar izan zuten lan neska berdeek, puntu bat berreskuratzeko, Euskal Ligan. Mariñok 18garren minutuan hartu zuen aurrea markagailuan, eta ordu laurden falta zela berdindu zuten hernaniarrek: Elene Lujambiok kornerra atera, eta baloia sarera bidali zuen Malen Lizarragak, 75ean.

Ohorezko Erregionaleko mutilek, berriz, Añorgan jokatu zuten. Puntu ona lortu zuten, baina oso zapore gazi-gozokoa. Izan ere, Ioritz Lujanbiok 60garren minutuan sartutako golarekin, garaipena esku-eskura izan zuten berdeek, baina 87an egin zien ihes, Añorgak berdintzea lortu zuenean.

Asteburuko aho zapore gozoena, zalantzarik gabe, Mundarrok izan du, mutilen Erregional Preferentean. Moreek 3-1 menderatu zuten Orioko, eta sailkapeneko bosgarren postura egin dute gora. Astebete lehenago Euskalduna liderraren zelaian berdindu ondoren, maila ederrean aritu ziren astigartarrak berriro, hasieratik. Presioan on­do eta baloiarekin fin, 20garren minuturako 2-0 irabazten ziren moreak, Unai Errastiren bi golekin. 65ean murriztu zuen tartea Oriokok, baina handik zazpi minutura partidua erabakita utzi zuen Julen Godoyk, hirugarren gola eginda. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!