Hernanin geratu ziren txapelak, Gipuzkoakoaren bi finaletan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 12a, 00:00

Nagusien mailetako finalistak, sariak jasota, larunbatean Hernanin.

Galdos eta Kerejeta nagusitu ziren lehenengo mailakoan, eta Urdangarinek eta Iriondok irabazi zuten bigarren mailakoa.

Hernanin jokatu zituzten, larunbat goizean, Gipuzkoako Binakako Txapelketaren hiru final ikusgarri, nesketan. Eta horietatik bitan, etxean geratu ziren txapelak, hernaniarrek lortu baitzuten garaipena: Ane Kerejetak eta Leire Galdosek irabazi zuten nagusien lehenengo mailako finala; eta Garazi Urdangarin eta Maddi Iriondo nagusitu ziren bigarren mailakoan.

Jubenil mailako finala jokatu zen aurrena, eta Intxurreko bikotea nagusitu zitzaion Behar Zanakoari (30-15). Horren ondoren sartu ziren jokoan hernaniarrak. Bigarren mailakoan, gogotik kosta zitzaien Urdangarini eta Iriondori, Olano eta Zubelzu tolosarren kontra; eta atzetik izan ziren 12garren tantora arte, ezinean. Hortik aurrera, ordea, erabat aldatu zen partidua, eta erremontada ikusgarria lortu zuten hernaniarrek, ikusleen gozamenerako (30-18). Horrela, txapela eskuratu zuen Urdangarinek, Iriondok eta Joana Tolaretxipik osatutako taldeak.

Are ikugarriagoa izan zen le­henengo mailakoa, CD Hernaniko bi bikoteren artekoa: Ane Kerejeta hernaniarra eta Leire Galdos oiartzuarra, Nahia eta Ga­razi Eizmendi ahizpa aiarren kon­tra. Parekatua eta maila ederrekoa izan zen hasieratik. Erritmo bizia markatu zuen Galdosek, eta luze jo zuen parti­duak. Azkenean, hernaniarra eta oiartzuarra nagusitu ziren, bi ahiz­pek bu­kaerara arte gogotik borrokatu arren.
 

Finalerako pauso haundia, Luluagak eta Ramosek

Mutil nagusien bigarren mailan, berriz, semifinaletako joanekoa jokatu zuten Mundarroko Axier Luluagak eta Endika Ramosek, eta pauso haundia eman dute finalerako: 25-12 irabazi zuten Txomiñenen, Loiolatarrako Aroztegiren eta Arrutiren kontra. Ostiralean izango dute bueltakoa, 18:00etan Donostian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!