Beterri-Buruntzako ekonomia berdearen inguruko lehen txostena osatzen ari dira

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 11a, 00:00

Enpresei zuzendutako online galdetegiari esker 'Ekonomia berdea enpresaren lehiakortasunerako' programa garatzen ari dira.

Beterri-Buruntza Mankomunitatea "Ekonomia berdea enpresaren lehiakortasunerako" programa garatzen ari da eta lehen urratsa gisa eskualdeko enpresen egoeraren abiapuntua zein den aztertu du. Azterketa hori egiteko, besteak beste, ekainean sektore ezberdinetako enpresei zuzendutako prestakuntza-saioak antolatu zituen eta saio horietara bertaratutakoei elkarrizketa egiteko aukera egon zen.

Era berean, hala eskatu duten enpresek euren establezimenduaren azterketa energetikoa doan egiteko aukera izan dute eta energia aurreztera eta eraginkortasuna haunditzera bideratutako neurrien proposamena jaso dute.

Azterketa honen osaketarekin amaitzeko asmoz, urriaren lehen hamabostaldian zehar, ekonomia berdearekin lotura duen energiaren arloko online galdetegiak betetzeko
aukera izan zuten sektore ezberdinetako enpresek. Galdetegi horiei esker, besteak beste, enpresetan energiaren kudeaketa nola barneratuta dagoen, energia berriztagarriek tokia ote duten, indarrean dagoen legedia eta enpresei zuzendutako dirulaguntzak ezagutzen ote dituzten, eta Mankomunitateak etorkizunean arlo horretan eskaini ditzakeen zerbitzuen inguruan galdegin zitzaien. Industria, zerbitzua eta lehen sektorea lantzen dituzten enpresentzako zabaldu ziren galdetegi horiek.
 

Negozio plaza tailerra, azaroaren 20an

Bestetik, Beterri Buruntza Mankomunitatea enpresa kudeaketari buruzko sei prestakuntza tailer eskaintzen ari da. Lehenengoa eskaini zen eta bigarren azaroaren 20an izango da. Enpresa bat martxan jartzerakoan negozio plan bat egiteak duen garrantzia eta bertan aztertu beharrekoak aztertuko dira. 09:00etatik 13:00etara eskainiko da Akarregiko Industrialdeko 10 zenbakian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!