Azken asteotan hainbat adierazpen izan dira BU12 eta BU13 autobus lineen inguruan, eta Astigarragan dagoen arazo baten harira, Hernaniko Udalari egotzi diote zenbaitek arazo horren balizko konponbidea nahita blokeatzea. Besteak beste, hori adierazi zuen Astigarragako PSE-EEko zinegotzi Patxi Suarezek zenbait hedabidetan argitaratutako iritzi batean. Hark zioenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak «mapak eta xehetasun teknikoak» helarazi dizkio Hernaniko Udalari, irtenbidea ahalik eta azkarren zehazteko; eta proposamena Hernaniren oniritziaren zain dagoela orain. Erakundeen arteko elkarlana zapuztea ere egotzi digute.
Lehenik eta behin gure harridura azaldu nahi dugu. Izan ere diputazioko mugikortasun sailak Astigarragan dagoen arazoarentzat planteatzen duen "irtenbidea" Hernaniko geltoki nagusietako bat kentzea da. Iruditzen zaigu horrek zerbitzu publikoa kaltetu egingo lukeela Hernanin eta finean bertako herritarrak eta erabiltzaileak kaltetuko liratekeela. Gaia horri denbora eskaini behar zaio eta horrelako erabaki bat ezin da egun batetik bestera hartu.
Iritzi hori izanda ere, Hernaniko alkateak berriki egindako Gobernu Batzorde batean gainontzeko udal talde guztietako batzordekideekin egin nahi izan zuen kontrastea, gaiaren inguruan euren iritzia jaso nahian. Bertan inor ez zen agertu Hernaniko geltokia kentzearen alde, argi ikusten baita Hernanin eta hernaniarrentzat kaltea ekarriko lukeela eta beste alternatibaren bat bilatu behar dela.
Gaia konplikatua da eta soluzioak ezin du erraza izan. Hernaniko Udalak prestutasun osoa du gaia Diputazioarekin ez ezik, Astigarragako udalarekin aztertzeko eta lantzeko. Hain zuzen ere, Astigarragako Udalarekin ari gara gaia aztertzen, eta adierazi dutenez, eurek ere ez dute nahi Hernanin zerbitzua kaltetzea. Gure aldetik ere ari gara irtenbideak aztertzen. Eta, bien bitartean, diputazioak ere badu aukera Astigarragako arazoari beste modu batera erantzuteko, adibidez, ibilgailu gehiago jarriz edo maiztasunak handituz.
Ainara Atorrasagasti Urizar
Hernaniko Hirigintza, Ingurumen eta Etxebizitzako zinegotzia