Behobia-Donostia luzeena gaur jokatuko da bailarako ehundaka korrikalarirekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 10a, 00:00

Aurten Behobia-Donostiak metro gehiago izango ditu.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrek behartutako moldaketen ondorioz, aurtengo edizioa 196 metro luzeagoa izango da.

 

Behobia-Donostia lasterketa urteroko klasiko bat bihurtu da korrikalarientzat, eta gaurko edizioak aparteko kutsu berezia izango du. Antolatzaile den Fortuna Kirol Elkarteak azaldu duenez, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrek behartutako moldaketen ondorioz, aurtengo ibilbidea aurreko urteetan baino 196 metro luzeagoa izango da. Horiek gehituko zaizkie, hain zuzen, 2014ko aldaketaz geroztik lasterketak dituen 20 kilometro zehatzei. Hori dela eta, Fortuna Kirol Elkarteko kideek kartel bat egin dute Boulevardeko sarreran ohikoak diren 20.000 metro horiek markatzeko.

Aldaketak, ordea, ez du korrikalarien ilusiorik itzali. Azkenean, eskari haundiari erantzuteko, aurreikusiak ziren 27.000 dortsaletatik 27.722 dortsaletara igo dira. Horietatik, emakumezko korrikalarien ehunekoa %31,5 da. Iaz 30.000 parte-hartzaile izan ziren, eta emakumezkoen ehunekoa %29,2 izan zen.

Beste datu esanguratsu bat probaren gaztetzea da. Izan ere, orain arte adin-tarterik ohikoena 41-45 edo 46-50 bazen, aurten gehienak 26-30 artekoak izango dira.

09:55etan hasiko dira dortsal horiak

Aulkiak 09:30etan hasiko dute lasterketa eta bost minutu beranduago emango zaie hasiera rollerdun lasterkariei. Lehendabiziko korrikalariei, dortsal horiei, 09:55etan emango zaie hasiera Behobiatik. Ondoren talde ezberdinak irtengo dira eta azken taldea, hemeretzigarrena, 11:35etan hasiko da korrika. Ordurako askok eta askok amaituta izango dute lasterketa. Horien artean bailarako hainbat eta hainbat korrikalarik.

Astigarrragatik, Hernanitik, Ereñotzutik, Goizuetatik... ehundaka korrikalarik hartuko dute parte. Denen helburu nagusia lasterketan disfrutatzea izango da, nahiz eta helburu ezberdinak izan batzuek eta besteek. Hori bai, denentzat gomendioa, gorputzari entzun eta ez pasa muga fisikorik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!