Memoria Historikoaren Egunez, biktimei omenaldia bihar Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 9a, 00:00

Dantzariak agurra eskaintzen, biktima astigartarren senideei.

Eguerdiko 12:00etan egingo diete omenaldia Emakumeon Plazan, eta lore eskaintza ondoren monolitoetan.

Memoria Historikoaren Nazioarteko Eguna da biharkoa, eta ohi bezala, herriko biktimei aitortza egingo diete Astigarragan. Hori horrela, gogora ekarriko dituzte Gerra Zibilean, Frankismoan eta 70eko eta 80ko hamarkadetan erail zituzten lau astigartarrak: Joseba Barandiaran, Tomas Alba, Bixente Perurena eta Agustin Irazustabarrena. Eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldia, Emakumeon Plazan. Astigarragako Udalak azaldu du, lau biktimen omenezko ikusentzunezko bat ere lantzen ari dela, aurten estreinatuko duena; eta trailerra jarriko dute ekitaldian.

Horren ondoren, lore eskaintzak egingo dituzte herrian dauden monolitoetan, eta mokadutxo batekin bukatuko dute omenaldia, Perurena auzoko elkartearen lokalean.

Andoainen hitzordua, Elkarbizi taldeak

Bestalde, Elkarbizi taldeak ere egin du eskualde mailako deialdia, urtero bezala. Andoainen ospatuko dute indarkeriaren biktimak gogoratzeko eguna, bihar goizeko 11:00etan: Lopez de la Calle parkean, 'Askatasunari' eskulturaren aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!