Ezin eguraldiarekin fidatu, azkenaldian... Ez, behintzat, zein garaitan bizi garen zehatz asmatzeko orduan. Ez du hutsik egin San Martinetako uda txikiak aurtengoan ere, baina dezente aurreratuta etorri da oraingoan. Badira ia bi aste udako giroarekin gabiltzala, izatez San Martin egunaren bueltan 'pizten' dena, azaroaren erdialdean. Piztu baino, itzali egingo da ordurako, gaurtik aurrera baitatoz bueltan euri kontuak.
Baina tira, eguraldiaren gorabeherak alde batera utzita, puntual datoz San Martin eguneko ospakizunak, Urumea bailaran. Datorren astelehena izango da San Martin eguna, azaroaren 11; eta bi egun lehenago ospatuko dute Aranon, gaur bertan, egun osoko planarekin. Martindegi auzoan, berriz, datozen bi igandeetan ospatuko dute, bihar eta azaroaren 17an.
Aranoko mendiak eta proiektu eolikoak protagonista, gaurko planean
Plan konpletoarekin ospatuko dute egun berezia Aranon. Jaiak Santiotara mugitu aurretik, San Martinetakoak ziren herriko festa egun seinalatuak, eta ospakizuna berreskuratu zuten duela urte batzuk, modu xumeagoan. Ohiko talo eta gaztain jatearekin borobilduko dute eguna gaurkoan ere, eta aurretik, Aranoko mendiak eta azkenaldian pil-pilean dauden proiektu eolikoak izango dira protagonista.
Goizeko 11:00etan ekinen diote eguneko programari. Herrigunetik abiatuta, mendi martxa eginen dute Aranoko inguruetan. Horren bitartez, asmoa da bertatik bertara ikustea non jarriko lituzketen parke eolikoak bertako mendietan, mahai gainean dauden proiektuak gauzatuz gero; eta zer nolako inpaktua izango luketen herrian eta bere ingurunean.
Gai horri segida emanen diote arratsaldeko bi saioetan, 18:00etan hasita. Aurrena, Andoni eta Arritxu Zugarramurdik egindako posterra aurkeztuko dute: Arano inguratzen duten mendien izenak bildu dituzte poster horretan, eta baita lepo, ataka eta bestelako tokienak ere. Posterrak bi zati dauzka, bata Goizueta aldera dauden mendiekin, eta bestea Hernani aldera daudenekin. Parke eolikoen zurrumurrua hasi aurretik ari ziren posterra lantzen, eta garai aproposean eman dute argitara, Arano inguruko mendiei balioa emateko.
Gai horri buruzkoa izanen da arratsaldeko bigarren saioa, Aitziber Sarobe biologoaren eskutik. 18:30etan hasita, hitzaldia eskainiko du Sarobek, zentral eolikoen auziaren inguruan. Biologo donostiarra aditua da eolikoen gaian.
Aranoko Jai Batzordeak eta Urumeako Mendiak Bizirik plataformak antolatu dute eguneko programa, elkarlanean; eta aranoarrei zein inguruko herrietako bizilagunei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.
Haur jolasak bihar eta egun osoko plana 17an, Martindegin
Bi igandetan zatitu dute San Martin egunaren bueltako ospakizuna, Martindegi auzoan. Biharko eta azaroaren 17rako jarri dute hitzordua, Astigarraga eta Hernani arteko muga inguru horretan.
Xumeagoa izango da biharkoa, bereziki auzokoei zuzendutakoa. Hamaiketakoa egingo dute aurrena, dagokion orduan; goizeko 11:00etan, alegia. Eta haur jolasak prestatu dituzte eguerdirako, 12:00etan hasita.
Azaroaren 17koa izango da festa potoloa Martindegin. Hasteko, puntako herri kirol saioaz gozatzeko aukera izango da bertan, maila haundiko zortzi kirolarirekin. Aizkoran, ikusmin haundiko bi saio prestatu dituzte. Aurrena, errekor saiakera bana egingo dute Malen Barrenetxea auzotarrak eta Nerea Arruti urnietarrak. Oinbiko enbor bat mozten, 15 urtekoen marka jarri nahi du Barrenetxeak. Arrutik, berriz, kanako enbor bat ahalik eta azkarren moztuta ezarriko du marka.
Ondoren, aizkorarekin jarraituz, erakustaldia eskainiko dute bi bikotek: Iker Vicente eta Eneko Saralegi, Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'en eta Ibai Soroaren kontra. Eta harrijasotzen, azkenik, Mikel Lopetegi 'Urra' eta Maddi Gesalaga ariko dira.
Bazkalorduan izango du segida San Martinetako ospakizunak. Izan ere, bazkari herrikoia egingo dute bertan, 14:30etan hasita. Atzo arratsaldean saldu zituzten bazkarirako txartelak, Auzo Elkartean.
Eta festa borobiltzeko, musikak hartuko du protagonismoa arratsaldean. Erromeria izango da 18:00etatik aurrera, Ai ama! taldearen eskutik. Kistiñe Solano ereñotzuarrak eta bere ikasleek jarriko dituzte denak dantzan, Martindegin.