Etxebizitzaren auziari dagokionez, zein da Buruntzaldeko egoera? Zer nabarmenduko zenukete?
Etxebizitza oinarrizko behar bat da. Aldi berean, sistema honetan, merkantzia bat ere bada. Etxebizitzaren auzia bi ezaugarri hauen arteko talkatik datorrela ulertzen dugu: etxebizitzara sarbidea izateko eskubide unibertsala edo etxebizitzarekin negozioa egiteko eskubidea. Ez dira bateragarriak.
Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetan bezala, gurean ere jasaten dugu gazteen emantzipatzeko zailtasuna, migratzaileei ezartzen zaizkien filtro arrazistak, eta orohar, errenta baxuenek etxebizitzarako sarbidea bermatua ez izatea.
Horrez gain, Buruntzaldean auziak zenbait ezaugarri bereizgarri dauzka: Donostiarekiko gertutasuna dela eta, hirian ematen ari den gentrifikazio eta turistifikaizo prozesuek zuzenean eragiten dute gurean. Honen adibide da Etxebiden Astigarragan etxebizitza bat eskatu dutenen artean gehiengoa ez dela Astigarragan bizi. Hernanin, bestalde, herritarren %15 dago Etxebiden izen emanda, Gipuzkoako %5eko bataz bestekotik urrun.
Azken urteetan nabarmen egin du gora alokairuen prezioak, eta eskaintza urria da. Horren aurrean zer egin daiteke?
Eskaintza urriak eta prezio altuek arrazoi nagusi bat dute: etxebizitzaren negozioarekin aberasten direnek irabaziak handitzeko duten nahia. Ez dira etxebizitza faltan oinarritzen, ez dago eraikuntza kostuekin justifikatzerik, guztiz artifizialak dira zentzu horretan.
Egoera honen aurrean azken aldian maizterren aldeko moduan aurkezten zaizkigun neurri politikoak ez dira nahikoak: alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzek, nahiz eta epe laburrean jende askori lagundu etxebizitza bat eskuratzen, etxebizitzaren merkantzia izaera indartzen dute. Funtsean jabeentzako dirulaguntzak dira. Hauetako askok, diru laguntza hauek igotzen direnean alokairuaren prezioa igotzen dute zuzenean.
Egun, indarrean dagoen etxebizitza legearekin, alokairuen prezioen igoera mugatzea ere guztiz motz geratzen da: prezioak dauden horretan jada garestiegiak dira, epe laburrean prezioak jaitsi behar dira eta ez igoera mugatu, honek preziak igotzera bultzatzen baitu.
Askotan alokairuez soilik hitze egiten dugu baina honek bizitzaren garestitzearekin batera, pobretze biztaleriaren prozesu bat ezkutatzen du eta horregatik geroz eta jende gutxiagok erosi dezake etxe bat, horregatik prezio guztien jaitsiera aldarrikatzen dugu.
850 etxe huts daude Hernanin, kopuru altua da. Zer egin behar da horiekin?
Datu honek garbi uzten du etxebizitzaren arazoaren muina ez dela etxe falta, sarbide arazo bat baizik. Politikari askok eraikuntza plan berriak konponbide definitibo bezala saltzen dituzten honetan, etxe hutsen kopuruak erakusten digu ez dela hala izango. Etxebizitza negozioa egiteko erosten dutenek ez dute zalantzarik egingo hauek hutsik mantentzen, horrek merkatuko prezioen igoera eragingo badu.
Honen aurrean, alde batetik erabilerarik ez duten eta jabe handien etxe hutsak espropiatuz, behar sozialen zerbitzura jartzea defendatzen dugu. Eta bestetik, okupazioaren despenalizazioa eta desokupazio enpresen ilegalizazioa aldarrikatzen dugu. Hau da, etxe hutsak dauden bitartean, jendea etxerik gabe egotea ez da onargarria eta beste herrialde batzuetan egin den bezala (Holanda, Suiza...), honen arduradunak zigortu behar dira.
Etxebizitza Sindikatura jotzen duten herritarren artean, zeintzuk dira errepikatzen diren ezinegonak? Zer jasotzen duzue kaletik?
Egoerarik larrienak kalean geratzeko arriskuan dauden horienak dira. Arrazoi ezberdinengatik aurkitu ohi dira egoera horretan: alokairu kontratua amaitu eta besterik ez aurkitzea edota errenta ordaindu ezin izatea, adibidez. Askotan jabeen abusuek eragiten dute egoera: gehiegizko prezio igoerak, kontratuak legez kanpo etetea ondoren etxea garestiago merkaturatzeko eta abar.
Azken hilabeteetan errepikatu den beste arazo bat izan da gizarte zerbitzuen larrialdi etxeetan dauden familiena. Larrialdi etxean sartu zirenetik euren egoera hobetu denez (lana topatu izanagatik adibidez), bertan geratzeko baldintzak betetzen ez dituztela egozten diete. Aldi berean, eskaintza eskasia eta filtro arrazistak medio, bilatuta ere ez dute nora joan topatzen, eta kalean geratzeko arriskuan daude.
Honez gain, bizitzeko baldintzak betetzen ez dituzten etxeetan bizi direnak ere badira: hainbat familia pisu berdinean pilaturik edota ur edo argindar hornidurarik ez dutenak. Kasu hauetan kontraturik eta erroldarik ez izatea ohikoa da, eta babesik gabe daude kaltetuak.
Zeintzuk dira epe laburrera ikusten dituzuen alternatibak? Eta epe ertain-luzera?
Epe laburrean, ezinbestekoa da prezioen jaitsiera. Alderdi instituzional guztien ahotan dago etxebizitzaren arazoa, eta adi egon behar dugu proposatzen dituzten neurriak ez daitezen izan jabeen eta eraikuntza enpresen interesen aldekoak. Etxebizitzaren negozioa handitzen duten neurriak ez dute arazoa konponduko.
Epe luzera, doako etxebizitza aldarrikatzen dugu. Esan bezala oinarrizko behar bat da, eta ezin dugu onartu sarbidea eros-ahalmenaren araberakoa izatea. Gizartearen gehiengoak garbi du osasungintzarako sarbideak doakoa behar duela. Nahiz eta oraindik asko dagoen hobetzeko, osasungintza unibertsalaren alde pasa den mendean egindako borrokak erabakigarriak izan ziren bide horretan aurrera egiteko. Era berean borrokatu behar dugu etxebizitza doako baten alde, nahiz eta orain helburu urrun bezala ikusi.
Bide horretan, prezioen jaitsierarekin batera, hipoteka-interesen abolizioa eta pisu huts eta turistikoen espropiazioa aldarrikatzen dugu. Helburu hauek lortzeko etxebizitza eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioa indartu beharra dago. Zentzu horretan, abenduaren 14ean Euskal Herriko etxebizitza sindikatu ezberdinek Bilbon deitu dugun manifestaziora batzeko deia luzatzen dugu.