Euskaltzaindiak mintegi berria antolatu du Akademiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, hain zuzen, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Jon Sarasua eta Eñaut Agirre hernaniarra dira Mintzola egitasmoko zuzendariak, eta Sarasuak egin du hastapeneko mintzaldia.
Bertan, mintegiaren helburuak azpimarratu zituen Sarasuak: «Mintzola egitasmoak, bere aro berrian, euskerazko eguneroko hizketaren galdegaiak jarri ditu erdigunean. Hizkera informalak gure eguneko hizketa-jardunean zati handia hartzen du, eta gai horretan ataka bereziak bizi ditu euskerak. Gai horren inguruko ikerketa-ildoak abiarazi ditu Mintzolak: hizkera informala ezaugarritzetik hasi, beronen problematikak aztertzetik segi, berau landu eta hobetzeko metodologietatik pasa, eta hitanoa bezalako baliabideak aztertzeraino. Bultzatu beharreko bideetako bat ikerlari gazteei aukerak ematea da, gradu eta masterretako ikerketak sustatuz, eta ikertzaile harrobia sortuz. Horretarako arlo honetako ikerketak saritzeko deialdia egin genuen joan den ikasturtean ere, eta hainbat ikerketa saritu. Gaur, arlo honetan azken urtean egin diren edo martxan dauden ikerketak aurkeztu dira».
Guztira, zazpi ikerketa lan eta Arikala ekintza-ikerketaren azken emaitzak aurkeztu ziren. Mintzola deialdietan 2024an saritutako bost ikerketako bat Oihana Lujanbio goizuetarraren Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua izan da.
Gogoratu behar da Mintzolaren lan-eremua euskerazko ahozko jarduna dela, bereziki euskarazko eguneroko hizkera, eta eremu horretan, ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean dihardu.