Ezin pasea ziurtatu Elur Txorik, semifinaletara

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 5a, 00:00

Elur Txoriko eta Ibarra-Belauntzako bolariak elkarrekin, joan den astean.

Ibarra-Belauntzaren aurrean galdu zuen, eta Ur Miaren kontra jokatuko du pasea, ostegun honetan.

Joan den astean zeukan aukera Elur Txorik, finalerdietara pasea ziurtatzeko, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Baina ezin izan zuen Ibarran irabazi, Ibarra-Belauntzaren kontra. 9-7 nagusitu ziren etxekoak, lehia estuan, azkeneko bi tiraldiak irabazi ondoren. 

Gauzak horrela, azkeneko jardunaldian erabakiko da sailkapena: elkarren kontra ariko dira Elur Txori eta Ur Mia, Benta Berriko bolatokian, finalerdietara pasea lortzeko. Une honetan, 6 puntu dauzkate Ur Miak eta Ibarra-Belauntzak, eta 3 puntu Elur Txorik. Bi onenek egingo dute aurrera.

Elur Txorik bai ala bai behar du garaipena, finalerdietara sailkatzeko; Ur Miak, berriz, galduta ere egin dezake aurrera. Hernaniarrek irabaztekotan, hiru taldeek partida bakoitzean lortutako puntuei erreparatu beharko diete. Une honetan, 31 puntu dauzka Ibarra-Belauntzak (partida guztiak jokatuta); 26,5 puntu Ur Miak; eta 22,5 puntu Elur Txorik. Azkeneko jardunaldian 16 puntu banatuko dira, bailarako bi taldeen artean.

Multzoko bigarren sailkatuak, Ostadar izango du kontrario semifinaletan, datorren astean. Lehenengo sailkatuak, berriz, Zarautz eta Ategorrietaren arteko irabazlearen kontra jokatuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!