Sanzberrok sari potoloena, Antzinen: berak topatu zuen urdaiazpikoa!

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 5a, 00:00

Mattin Sanzberro, urdaiazpikoa hartuta korrika. Argazkia: Betagarri Trail

Betagarri Traileko antolatzaileek pieza bat ezkutatu zuten bidean. Hernaniarrak aurkitu zuen, eta hura sorbaldan hartuta egin zituen 5 kilometro.

Ez zen aurrenekoa izan helmugan, ezta gertu ibili ere. Baina Mattin Sanzberro izan zen azkarrena eta bixiena larunbatean, Antzingo Betagarri Trail lasterketan. 'Karga' politarekin iritsi zen helmugara: urdaiazpiko bat sorbaldan hartuta. Halaxe egin zituen 15 kilometroko probaren azkeneko bostak.

Xelebrea da kontua: lasterketako antolakuntzak urdaiazpiko bat ezkutatu zuen ibilbidean, eta zeinek topatuko... Ba Sanzberrok berak, bidearen bazterrean: «Lasterketa lehiatzeko asmoz atera nintzen, baina aurreneko igoeraren ondoren, urdaiazpikoan pentsatzen hasi, eta alde guztietara begira joan nintzen. Bigarren tontorrean topatu nuen, zuhaitz batetik zintzilik, bidetik 10 bat metrora. 7 kilo dauzka, eta ez zen oso erosoa eramateko, baina tira... Lasaiago joan nintzen hortik aurrera, soilik lasterketa bukatzeko asmoz. Jaitsieretan ere kontu haundiz, urdaiazpikoa erortzeko beldurrez! Hura onik iristea zen garrantzitsuena!».

Hodei Lujanbio eta Ainhoa Arruti, bigarren

Urdaiazpikoa hartuta, 33garren sailkatu zen Sanzberro (1:36:34), baina ez zen izan saritutako bailarako korrikalari bakarra. Gizonezkoetan, bigarren helmugaratu zen Hodei Lujanbio goizuetarra (1:12:20), Jesus Mari Alegriaren atzetik (1:11:39). Eta emakumezkoetan bigarren izan zen Agerre taldeko Ainhoa Arruti urnietarra ere (1:33:00).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!