Hernaniko hiru bikote ariko dira Gipuzkoako maila nagusiko finaletan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 5a, 00:00

Maddi Iriondok finalera pasea lortu zuen Garazi Urdangarinekin batera.

Hernanin jokatuko dituzte nesken lehenengo eta bigarren mailako finalak, datorren larunbatean.

Hernanin jokatuko dituzte, datorren larunbatean, maila nagusiko nesken bi finalak, Gipuzkoako Txapelketan. Eta horietan, Hernaniko hiru bikote ariko dira lehian, semifinaletan emaitza ezin hobeak lortu ondoren.

Lehenengo mailako finalean, bi bikote hernaniar ariko dira elkarren kontra, txapelaren bila. Leire Galdosek eta Ane Kerejetak lehendik zeukaten txartela eskuratuta, ligaxkan onenak izan ondoren: jokatutako lau partiduak irabazi zituzten. Joan den astean, berriz, Nahia eta Garazi Eizmendi ahizpek lortu zuten finalerako pasea: Ataungo Aldasoro eta Lopez menderatu zituzten semifinalean (30-19).

Bigarren mailan, berriz, Maddi Iriondok eta Garazi Urdangarinek jokatu zuten semifinala ostiralean, eta garaipen haundia lortu zuten, partidu zailean. 30-24 menderatu zituzten Intxurreko Olano eta Zubelzu.

Hernaniko kiroldegiko frontoian jokatu zituzten bi semifinalak, eta bertan ariko dira finaletan ere, txapelen lehian. Lehenengo mailan, Galdos eta Kerejeta izango dira faborito, Eizmendi ahizpen kontra. Ligaxkan aurrez aurre aritu zirenean, 30-21 irabazi zuten Galdosek eta Kerejetak.

Bigarren mailan, berriz, ezustekoa ematen saiatuko da Maddi Iriondok, Joana Tolaretxipik eta Garazi Urdangarinek osatutako taldea, Beotibar taldeko Balerdiren eta Larrarteren kontra. Tolosarrek zazpi partidutik sei irabazi zituzten ligaxkan, eta hernaniarrek bost garaipen pilatu zituzten. Beraien artekoa 30-6 irabazi zuten tolosarrek, baina partidu hura ahaztu eta sorpresa ematera aterako dira hernaniarrak kantxara.

Luluaga eta Ramos, semifinaletara sailkatuta

Mutilen kasuan, final laurdenetako partiduak jokatu zituzten Mundarroko bi bikotek, joan den astean, nagusien bigarren mailan. Finalerdietara pasea lortu zuten Endika Ramosek eta Axier Luluagak, Aramberri eta Galarraga zarauztarrak menderatuta (25-22). Aldiz, galdu egin zuten Alain Agirrek eta Beñat Zubiarrainek, Loiolatarrako Aroztegiren eta Arrutiren kontra (23-25), eta txapelketatik kanpo geratu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!