Santu Guztien Eguna da gaurkoa, hildakoak gogoratzeko eguna. Asko eta asko izango dira bailarako hilerrietara jo eta hildako senide eta lagunei lore eskaintza egingo dieten herritarrak.
Horrekin batera, ohi bezala, elizkizunak ere izango dira, Urumea bailarako herri guztietan, hildakoen alde. Hernanin, hiru elizetan egingo dute Santu Guztien Eguneko ospakizuna: Agustinetan, goizeko 09:30etan; Floridako San Jose Langilean, 11:00etan; eta San Joan Bataiatzailea parrokian, eguerdiko 12:00etan. Ereñotzuko San Antonio elizan, berriz, 10:00etan egingo dute meza.
Astigarragan, ohikoa den bezala, hilerrian egingo dute azaroaren meza, goizeko 11:00etan. Aranoko San Martin parrokian, bestalde, hildakoak gogoratzeko elizkizuna 11:00etan hasiko da. Eta Goizuetan, azkenik, eguerdiko 12:30etan izango da meza, Andra Mari elizan. Gainera, Madalenako ermita ere zabalik egongo da gaurko egunez, bertaratu nahi dutenentzat.
Biharkoa, berriz, Hildakoen Eguna izango da; eta egun horretan, hiru elizkizun izango dira Urumea bailaran. Astigarragako Andre Maria elizan, goizeko 10:30etan jarri dute horretarako hitzordua. Hernanin, aldiz, bi elizatan eskainiko dute meza: Agustinetan aurrena, goizeko 09:00etan hasita; eta San Joan Bataiatzailean ondoren, 19:00etan.