Bihar jai eguna dela aprobetxatuta, aurreratu egin dute emakumezkoen Euskal Ligako jardunaldia. Gaur arratsaldean jokatuko du Hernanik denboraldiko bederatzigarren partidua, Eleizalden, Elorrioren aurka. Iluntzeko 20:30etan hasiko da norgehiagoka.
Azken hiru partiduetan emaitza onak lortu ditu Hernanik, zazpi puntu eskuratu ditu guztira, eta sailkapeneko bosgarren postuan dago une honetan. Pasa den larunbatean nagusitasunez irabazi zuen Eibarren aurka (3-0), eta bolada onari jarraipena ematen saiatuko da taldea.
Hala ere, gaurkoa ez da norgehiagoka erraza izango, oraindik partidurik galdu ez duen Elorrio izango baita aurkaria. Azken jardunaldian 1-4 irabazi zuten bizkaitarrek Bizkeneskak taldearen aurka, eta sailkapeneko laugarren postuan daude.
Bihar jokatuko dute Hernaniko mutilek, eta etzi Mundarrokoek
Bihar eguerdian Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldearen txanda izango da. Deustoren bisita jasoko dute hernaniarrek, eta aspaldian bila dabiltzan erregulartasuna lortzea izango dute helburu. Emaitza onak kateatzea kostatzen ari zaio taldeari, eta zortzigarren sailkatua da momentu honetan.
Bailarako taldeen artean Mundarro izango da jokatzen azkena. Larunbat arratsaldean (16:00) jokatuko du zazpigarren jardunaldiari dagokion partidua, Euskaldunaren aurka, Andoainen. Astigartarrek partidurik galdu gabe jarraitzen dute, baina kosta egiten zaie golak sartzea. Hortaz, erasoko jokaldietan asmatzea izango da asteburuko erronka.