Sekulako gorakada izan du batazbesteko lanaren errentak astigartarren artean, azkeneko bi hamarkadetan; eta EAEko zerrendan, aurreneko postuetan kokatu da: 2021eko datuen arabera, zortzigarrena zen EAE osoan, eta laugarrena Gipuzkoan, 18.150 euroko batazbesteko errentarekin.
Gainerako tokietan bezala, gorabehera batzuk izan ditu 20 urteko bilakaera horrek, Astigarran zein Hernanin. 2011 urtera arte gora egin zuen etengabe, beherakada txiki bat izan zuen orduan, eta nabarmen egin zuen gora berriro, pandemia iritsi arte. Kolpetik jaitsi zen 2020an, eta berreskuratzen hasita zegoen 2021eko azkeneko datu horietarako.
Bilakaeraren lerroak antzeko itxura izanagatik, ordea, oso bestelakoa da Hernaniko datua. EAE osoko zerrendan, erditik nabarmen behera dago 2021eko datuetan, batazbesteko 13.073 euroko errentarekin.
Sexuaren araberako datuei erreparatuta, ikusi daiteke zuloa ez dela askorik txikitu 20 urtetan. Astigarragan, gizonezkoen zein emakumezkoen batazbesteko errentak egin du gora nabarmen, baina ia 7.000 eurokoa da bien arteko tartea, oraindik ere. Hernanin murriztu da tarte hori pixka bat, ia 6.500 eurotik 5.000 euro ingurura.