479 etxebizitza salerosketa izan dira Urumea bailaran, aurreko bi urteotan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 31a, 10:00

Datuen arabera, Hernanin 308 salerosketa izan ziren 2022 eta 2023 artean, Astigarragan 154, Goizuetan 16 eta Aranon bakarra.

Etxebizitzen salerosketen atalean, lau urte ezberdinetako datuak dauzkagu eskuragarri, Tokikomen eta EITBren Saretzen egitasmoari esker: 2007, 2013, 2022 eta 2023. Eta horien arabera, azkeneko bi urteotan 479 salerosketa izan dira Urumea bailarako herrietan, guztira.

Hernanin izan dira salerosketa gehien. Joan den urtean 161 izan ziren, eta 2022an 147. 2007ko kopuruaren antzekoak dira horiek (159). Asko aldatu da, ordea, erositako etxebizitzak berriak edo bigarren eskukoak diren: 2007an, 159 salerosketatik soilik 47 izan ziren bigarren eskukoak; eta 2023an, aldiz, 161etik 135. Datu hori asko aldatu daiteke urte batetik bestera, etxebizitza berriak noiz egin diren arabera.

Astigarragan ere izan dira gorabeherak, baina kopuru altu xamarretan betiere, azkeneko urteotan. 2007an 83 salerosketa izan ziren, horietatik soilik 18 bigarren eskuko etxebizitzenak. 2013an 52 etxebizitza saldu ziren, eta azkeneko bi urteotan 154 izan dira: 2022an 97, eta 2023an 57. Azkeneko urte horretan, dena den, ia denak izan ziren bigarren eskuko etxeak, jasotako datuen arabera.

Goizuetan ere erakusten dute gorakada deigarri bat datuek, kasu horretan 2022an: 14 salerosketa izan omen ziren urte horretan, normalean bizpahiru izaten diren bitartean.

Arano da mugimendu gutxieneko herria. Aipatutako lau urte horietan, etxebizitza salerosketa bakarra izan zen, 2022an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!