Mila etxebizitza gehiago Astigarragan, 10 urteko epean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 31a, 10:00

2.368 etxebizitza zeuzkan herriak 2013an, eta 3.362 joan den urtean, 994 gehiago. Hernanin, 641 etxebizitza gehiago izan dira epealdi berean.

Begibistakoa da Astigarragak azkeneko bi hamarkadetan izan duen hazkunde izugarria, eta horretan eragin zuzena izan du, noski, etxebizitza berriak eraikitzeak. Oso deigarria da soilik azkeneko 10 urteetako datua, jakinik hazkundea lehenagotik hasita zegoela: ia 1.000 etxebizitza gehiago dauzka Astigarragak, 2013tik joan den urterako bilakaeran.

Zehazki, 2.368koa zen etxebizitza parkea 2013an, eta 3.362koa joan den urtean, 2023an. 994 etxebizitza gehiago, alegia.

Kopuru bertsuetan egin du gora etxebizitza nagusi gisa dauzkatenak: 2.005 izatetik, 3.041 izatera pasa dira.

Zertxobait apalagoa izan da etxebizitza parkearen haunditzea Hernanin, baina nabarmena edonola ere: 641 etxebizitza gehiago zeuzkan herriak 2023an, 10 urte lehenago baino. Izan ere, 8.627 etxebizitza ziren 2013an, eta 9.268 joan den urtean.

Hernaniko kasuan, joera aldaketa bat izan da etxebizitza nagusien kasuan. Orain gehiago dira etxebizitza nagusi edo bizileku gisa dauden etxebizitzak (izan jabetzan edo alokairuan), eta gutxiago bigarren etxebizitza gisa daudenak. Zehazki, 7.595 ziren etxebizitza nagusiak 2013an, eta 8.585 2023an. Alegia, etxebizitza parkeak 641 ale gehiago dauzkan bitartean, 990 gehiago dira etxebizitza nagusiak. Hortaz, lehenago bigarren etxebizitza gisa zeuden hainbat, etxebizitza nagusi izatera pasa dira, alokairua, salmenta edo lekualdatzea tarteko.


Antzinatasuna etxebizitzan, 30 urtekoa Astigarragan eta 44 urtekoa Hernanin

Etxebizitzetako mugimenduei dagokienean, Hernanin haundiagoa da batazbesteko antzinatasuna, egungo etxebizitzan: batazbeste 44,1 urte daramazkite oraingo etxean bizitzen hernaniarrek. Astigarragan, logikoa den bezala, bajuagoa da batazbestekoa, azken bi hamarkadetako hazkundearen eraginez: 30,4 urte daramazkite etxe berean bizitzen astigartarrek.


Batazbesteko azalera, eta etxebizitza kopurua eraikin bakoitzeko

Etxebizitzen ezaugarriei dagokienean, batazbeste 89,3 metro karratuko azalera daukate Astigarragako etxebizitzek. Gainera, gora egin du eraikin bakoitzeko etxebizitza kopuruak: 2013an 14 etxebizitza ziren eraikin bakoitzeko, eta 2023an 20,8 etxebizitza. Horrek esan nahi du, eraikin berrietan etxebizitza gehiago egin dituztela. Gainera, etxebizitzen %82,4ak dauka igogailua.

Hernaniko kasuan, 82,8 metro karratukoa da batazbesteko azalera. Eraikin bakoitzeko 15,7 etxebizitza ziren joan den urtean (2013an 14,6), eta %74,1ak dauka igogailua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!