Alokatutako etxebizitza kopuruak nabarmen egin du gora Hernanin, 2013tik

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 31a, 10:00

Hernaniko etxebizitzen %9,8 zeuden alokairuan 2013an, eta %15,1era igo zen kopurua 2023rako. Astigarragan ere gora egin du ehunekoak, neurri txikiagoan.

Etxebizitza jabetzan eskuratzeko zailtasunen aurrean, gora egin du alokairuan hartutako etxebizitza kopuruak Hernanin, modu nabarmenean azkeneko 10 urteotan. 2013an, herriko etxebizitza guztien %9,8 zegoen alokairuan, eta 2023rako ehuneko hori haunditu egin da, %15,1era iritsi arte. Kontuan hartu behar da, gainera, etxebizitza parkea haunditu egin dela, Saretzen ataleko beste albiste batean ikus daitekeen bezala. Hortaz, askoz ere etxebizitza gehiago dira une honetan alokairuan daudenak. Kontrara, txikitu egin da bizilekua jabetzan daukatenen kopurua, %86,1etik %78,9ra.

Antzeko gertatu da Astigarragan ere, baina neurri txikiagoan. Bertan, %10,8koa zen alokatutako etxebizitza kopurua 2013an, eta %12,6ra haunditu da 10 urteko epean. Kasu honetan, ez dugu ahaztu behar proportzioan Hernanin baino askoz ere gehiago haunditu dela etxebizitza parkea, eta beraz, halaxe egin duela gora alokatutako etxebizitzen kopuruak ere.

Aranon eta Goizuetan, berriz, soilik 2023ko datuak dira eskuragarri dauzkagunak, eta bi kasuetan antzekoak dira ehunekoak: %97 pasatxo jabetzan, eta %3a baino gutxiago alokairuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!