Errigorak pasa den astean abiatu zuen Bilbon Agerreko uzta, euskarari puzka kanpaina, eta dagoeneko eskerak egin daitezke. Nafarroako produktuekin osatuta, aurten hiru saski desberdin jarri dituzte salgai eta, urtero bezala, saskiek duten balioaren %25 Nafarroa erdialde eta hegoaldeko (Agerreko) euskalgintzara bideratuko da. Azaroaren 14an bukatuko da eskaerak egiteko epea. Aurten ere, jasotze puntuak Hernanin eta Astigarragan izango dira, eta saskiak jasotzeko eguna azaroaren 29a izango da.
Aurten hiru saski daude eskuragarri. Saski beltza 55 euroan salduko dute, eta Nafarroa erdialde eta hegoaldeko produktu tipiko konbentzionalekin osatu dute; saski berdeak, aldiz, 65 euro balio du, eta barnean duen guztia ekologikoa da; eta berrikuntza saski gorria izango da, 75 euro balio duena, eta horretan «Eguberriekin lotutako produktuak» sartuko dituzte.
Saskiekin batera erosteko, aurten, lau urtetik gorakoentzat egokia den 'Agertuz' karta jokoa ere eskuratu ahal izango dute herritarrek, 5 euro gehiago ordainduz. Hori bai, karta jokoa gehigarri bat da, ezin izanen baita soltean eskatu.
Ekin eta ekin, urteak dira jada Nafarroa hegoalde eta erdialdean (Ager eremuan) euskera sustraitzeko lanetan dabilela Errigora egitasmoa, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintza bultzatzen eta indartzen. Eta horretarako, saskiek duten balioaren % 25a bideratzen dute Tuterako Argia, Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastoletara, Ager eremuko AEK euskaltegietara, D ereduko lerroetara eta Agerraldiaren ekimenak finantzatzera.
Eskaera bideratu ahal izateko, norberaren datuak (izen-abizenak, herria, telefono zenbakia eta posta elektronikoa) sartu beharko dira errigora.eus webgunean. Lehendik ere eskaerarik egin bada, helbide elektronikoa sartuta nahikoa izango da.