Esne Beltzak azken birako kontzertua eskainiko du larunbatean Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 30a, 00:00

Taldeak Nafarroan eskainiko duen azken kontzertua izanen da, herriko plazan, 19:30etatik aurrera.

Esne Beltza taldeak ezin zuen bere ibilbide musikala bukatu Goizuetan kontzerturik eskaini gabe, eta horrelaxe iragarri zuen Xabi Solanok astelehenean, bere sare sozialetan: «Esne Beltza ez genuen utzi nahi Goizuetan jo gabe. Beraz, azaroaren 2an, denok plazara!». 

Taldeak Nafarroan eskaini­ko duen azkeneko kontzertua Goizuetako plazan izanen da, larunbat honetan, arratsaldeko 19:30etan. Hamasei urteko ibilbideari bukaera emateko, Agur Deneri bira egiten ari da Esne Beltza taldea.

Xabi Solano abeslari eta musikaria da taldearen irudi nagusia, eta ereñotzuarra izanda, Goizueta eta Ereñotzuren arteko lotura estua berriz ere argi geratu da iragarpen honekin.

Umore Onan bazkaria, eta taberna ere jarriko dute

Goizuetako herriak hartu du kontzertua antolatzeko ardura, eta taberna ere jarriko dute: arratsaldeko 17:00etatik gaueko 00:00etara egonen da zabalik, eta bokata zerbitzua eskainiko dute. Kontzerturako girotzen joateko, gainera, bazkari berezia ere antolatu dute Umore Ona elkartean. Bazkaritarako txorizo egosia, entsalada mixtoa, haragi gixatua, limoi mousea, kafea eta kopa izanen dituzte, 20 euroren truke. Bazkarirako txartelak Amaia kafetegian jarri dituzte dagoeneko salgai, eta kopurua mugatua da. Tabernan zein elkartean bildutako dirua, Goittiki haur eskolarentzat izanen da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!