Oso aktibo aritu dira Urumea bailarako korrikalariak, joan den asteburuan. Izan ere, asfaltoko lasterketa ugari jokatu dira Gipuzkoako herrietan. Lasarte-Oria Bai! Krosean, esaterako, 13 hernaniar eta zortzi astigartar aritu ziren, eta aurreneko postuetan sailkatu ziren Itsaso Tolosa eta Dennis Sorondo hernaniarrak. Emakumezkoetan seigarren izan zen Tolosa, 10 kilometroko ibilbidea 43:36 denboran osatuta; eta gizonezkoetan 13garren helmugaratu zen Sorondo, 35:10 denborarekin. Astigartarren artean, Asier Sánchez (39:59) eta Oihana Echeverria (51:22) izan ziren azkarrenak helmugan.
Bestalde, maratoi erdia jokatu zen Donibane Lohizunetik Hondarribiara, eta 17garren izan zen Mikel Rosell hernaniarra, 21 kilometroak 1:21:22 denboran osatuta.
Eta bailarako korrikalari ugari aritu ziren Donostian ere, 15K lasterketan, distantzia eta modalitate ezberdinetan. Proba nagusian, 15 kilometrokoan, 33garren sailkatu zen Ibai Alba hernaniarra, 52:06 denborarekin.