Navartrail kopa ere irabazi du Hodei Lujanbiok

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 29a, 12:46

Goizuetarra hirugarren izan zen azkeneko proban, Caparrosoko Peña Roya Trailen; eta horrekin ziurtatu zuen garaipena sailkapen nagusian.

Goierri Kopa Traileko garaipenari, beste bat gehitu dio Hodei Lujanbio goizuetarrak: Navartrail kopa irabazi du, joan den asteburuan Caparroson hirugarren sailkatu ondoren. Azkeneko proba jokatu zuten bertan, Peña Roya Trail, 17 kilometroko lasterketa azkarra. Goizuetarrak aitortu du ez zela bere «urteko lasterketarik onenetakoa» izan, baina hirugarren helmugaratzea lortu zuen (1:10:08), Abule Esteban atarrabiarraren (1:05:32) eta Ioar Tabar iruindarraren (1:06:53) atzetik.

Hirugarren postu horrekin, Navartrail kopako lidertzari eutsi eta sailkapen nagusiko garaipena eskuratu zuen goizuetarrak, 10 proba jokatuta. Lujanbiok aitortu du, «gorputzak eta buruak atsedena» eskatzen diotela, urteko bigarren zati oso oparoaren ondoren. Izan ere, garaipen ugari pilatu ditu azkeneko aste eta hilabeteotan.

Aurreko asteburuan bertan, Eltxo Trail lasterketa irabazi zuen Orendainen, 21 kilometroko ibilbidean. 1:33:24 denborarekin nagusitu zen goizuetarra, eta proba horretan hirugarren izan zen Xabat Alonso hernaniarra (1:40:58), Axier Artolaren (1:40:20) atzetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!