Bailarako hiru futbol talde nagusiek lortu dituzte puntuak asteburuan. Garaipena eskuratu dute Hernaniko bi taldeek, eta hutsean berdindu zuen Mundarrok. Astigartarrek partidurik galdu gabe jarraitzen dute.
Hernani 3-0 Eibar
Nagusitasunez irabazi zuen Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak. Etxean jokatuta ez zuen zalantzarako tarterik utzi, eta are hobea bihurtu du duela astebete Sestaon lortutako puntua. Momentu honetan sailkapeneko bosgarren postuan dago taldea, eta goiko postuetara begira jarraitzen du.
Asteburu honetan erronka polita dute aurretik Hernaniko neskek. Elorrioren aurka jokatuko dute etxetik kanpo, eta irabazi ezkero laugarren postura igoko dira.
Vasconia 1-2 Hernani
Ohorezko Erregional mailako mutilek garaipena lortu zuten Puion. Vasconia azken sailkatuaren etxean nagusi izan zen Hernani, eta berebiziko 3 puntu eskuratu zituen. Orain arte kosta egin zaio taldeari erregulartasuna mantentzea, eta pixkanaka postuak aurreratzen joatea da asmoa.
Oraingoz sailkapeneko zortzigarren postuan dago Hernani, eta bederatzigarrena doan Deustoren aurka jokatuko du asteburuan.
Mundarro 0-0 Mariño
Hutsean bukatu zen Mundarroren eta Mariñoren aurkako partidua. Bolada onean jarraitzen du Astigarragako taldeak, eta partidurik galdu gabe jarraitzen du. Defentsa lanetan ondo moldatzen ari da Mundarro, baina aldi berean kosta egiten zaio golak sartzea.
Asteburuan Euskalduna liderraren aurka jokatuko dute, Andoainen. k