Eli Pagola eta Eñaut Martikorena, finalerdietara eta Euskal Herrikora

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 29a, 00:00

Asier Azpiroz eta Eli Pagola, Azkoitin.

Biak ere laugarren izan arren Azkoitian eta Irunen, 18 onenen artean sartzea lortu dute.

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final laurdenetako saio baten faltan, Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Eli Pagola eta Eñaut Martikorena finalerdietara sailkatu dira matematikoki eta bide batez, Euskal Herriko Txapelketarako txartela eskuratu dute. Igandean, Tolosan, itxiko dira finalaurdenetako saioak eta bertan Andoni Rekondo arituko da. 18 bertsolari sailkatzen dira finalaurrekoetara eta sei bertsolariren faltan Laburu hirugarrena da, Azpiroz seigarrena, Pagola hamargarrena eta Martikorena hamabigarrena. Unai Gaztelumendik berriz ez du sailkatzerik lortu.

Finalaurrekora pasea lortzen azken bi bertsolariak Eli Pagola eta Eñaut Martikorena izan ziren. Pagola ereñotzuarra Azkoitin izan zen larunbatean eta bertan laugarren postua lortu zuen 470,5 punturekin. Unai Mendizabalek lortu zuen lehenengo postua 485,5 punturekin eta berdinduta amaitu zuen, bigarren postuan, Asier Azpiroz 'Azpi' Hernaniko Bertso Eskolako kideak. Hirugarren izan zen Ane Labaka 477,5 punturekin. Oier Etxeberria bosgarren sailkatu zen 468 punturekin eta Maialen Akizuk itxi zuen sailkapena 414 punturekin. Maila altuko saioa izan zen.

Hurrengo egunean ere, Irunen, saio borobila irten zen eta Eñaut Martikorenak laugarren amaitu zuen 468,5 punturekin. Oihana Iguaranek zuzenean lortu zuen finalerdietara sailkatzea saioan, 517,5 punturekin, gailendu eta gero. Orain arteko bigarren altuena. Amaia Iturriotz izan zen bigarren 484,5 punturekin, Eneritz Artetxe izan zen hirugarren 476 punturekin. Aner Peritz 'Euzkitze'k bosgarren amaitu zuen 465,5 punturekin eta Iñaki Apalategik itxi zuen sailkapena 446 punturekin.

 

Andoni Rekondo, igandean Tolosako Leidorren 

Final laurdenak igandean amaituko dira bosgarren saioarekin, Tolosako Leidor aretoan. 17:00etan hasiko da bertso saioa eta bertan arituko da Andoni Rekondo hernaniarra. Berarekin batera izango dira: Aitor Tatiegi, Iñigo Mantzisidor 'Mantxi', Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta Nerea Elustondo. Rekondoren helburua 18 onenen artean sartzea da eta finalaurrekoetara sailkatzea.

Finalaurrekoetako saioetan zein arituko den oraindik erabakitzeko dago. Hori bai, Beñat Gaztelumendi Oiartzunen arituko da azaroaren 17an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!