Iruñean aurkeztu zen 2025eko udaberrian hasiko den Euskaraldiaren edizio berria. Zehazki, maiatzaren 15etik 25era bitarte egingo da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta 2025ekoa «Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia» izateko helburua duela azaldu dute antolatzaileek. Erronka argia dute begi-bistan: «Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko erronkarekin dator laugarren edizioa».
'Elkar mugituz egingo dugu' lelopean, «aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan dugun eraginpean» jarri nahi izan dute arreta. Beraz, ez dago itxaroteko astirik, herriek eta entitateek dagoeneko eman dezakete izena Euskaraldian; eta martxoan izango da ahobizi eta belarripresten txanda.
Aurkezpena egin dute Iruñean
Nafarroako Antzerki Eskolan, Iruñean, aurkeztu dute udaberrian martxan jarriko den laugarren edizioa. Bertan, edizio berriak izango dituen ezaugarri nagusiak ezagutu ahal izan zituzten ekitaldira bertaratu ziren erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrek. Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena Euskaraldia dela nabarmendu zuen Euskaraldiko Koordinatzaile den Goiatz Urkijok. Gainera, edizioz edizioz, «hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna aski frogatuta» geratu dela gaineratu du.
Baina, «ezinbesteko egitasmoa» dela aldarrikatzeaz gain, Euskaraldiak mugak ere badituela adierazi zuten: «Euskaraldia ez da kanpaina huts bat, ariketa sozial bat da, euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginetan ezinbestekoa, baina ez nahikoa».
'Reset' egiteko Euskaraldia
proposatu dute
Azken edizioaren ondoren, eta zenbait eragile eta herritarrekin hausnarketak egin ostean, Euskaraldiak berrikuntza bat behar duela ondorioztatu zuten. «Herritarrengan berriz ilusioa pizteko» konpromisoarekin, antolatzaileek edizio hau «ausardiaz» eta «gogoz» heldu dutela azaldu dute.
Ez dute Euskaraldia egun jakinetara mugatu nahi, «Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldi» bat nahi dute, denboran eta gizartean zabaldu nahi dute.
Edizio berriaren norabidea
Lanean hasita daude dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida liburua sortu dute. Euskaraldiak ondu du gida praktikoa, eta honek «mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko gakoak» ematen ditu. Finean, herritarren aktibazioa bultzatzeko modu berriak proposatzeko gida da.
'Elkar mugituz egingo dugu'
Lemak aktibazioa du ardatz, baina jarrera ez ezik, emozioak ere mugitu nahi ditu edizio honek, «sakontasun emozional kolektiboa» du Euskaraldiak. «Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskararen aldeko urratsa egiten dute, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz», azaldu du Urkijok. Euskaraldia «hunkigarria da, ilusioa pizten du, eta badu epikatik ere, mundu osoan ez baita egin halako ariketa sozial masiborik», gaineratu du.
Festa bat ez dela azpimarratuta, ariketa gozamenetik ere egin daitekeela aldarrikatu dute antolatzaileek, eta edizio berriaren proposamena «erronka zehatz egingarriak ezartzea, eta elkar mugituz, ariketaz gozatzea» dela gogoratu dute.
Izena emateko aukera, zabalik
Egitasmoan parte hartuko duten herriak dagoeneko hasi dira izena ematen, eta zenbait herrietan jada 4. edizioa «irudikatzen» hasita daude. Herriekin batera, jadanik, entitateek ere Euskaraldian izena emateko aukera era badute www.euskaraldia.eus webgunean. Herritarren txanda, martxoan izango da.