Atzegik 55 urtetik gorakoak animatu nahi ditu boluntariotza egitera

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 00:00

Atzegiko kideak, Xabier Arizkorreta eta Itsaso Lekuona zinegotzia aurkezpenean.

2024ko sentsibilizazio kanpaina, 'Orain duzu aukera, egin zaitez boluntario' lelopean, martxan jarri du.

 

Atzegik 2024ko boluntariotza eta sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du eta Xabier Arizkorretak aurkezpenean esan bezala, «boluntarioak behar ditugu, asko laguntzen baitigute egiten ditugun aktibitateetan». Orain duzu aukera, egin zaitez boluntario kanpaina aurkeztu zuten Hernaniko udaletxeko arkupetan, eta Atzegik boluntariotza egitera animatu nahi ditu 55 urtetik gorako pertsonak. Kanpainaren helburua boluntariotza modalitateren batean aktiboki parte hartzeko deialdia egitea da. Atzegik azpimarratu du boluntariotza egiteko ez dela inolako prestakuntzarik behar, denbora librea eta partekatzeko gogoa izatea besterik ez.

Boluntarioen lana ezinbestekoa da Atzegitik eskaintzen diren aisialdiko jarduera asko aurrera eramateko, baita gizartean parte hartzeko aukera eskaintzeko ere. Urtean zehar 350 lagun inguruk laguntzen dute Atzegin. Historikoki, Atzegin boluntariotza egiten duten pertsonak gazteak eta ikasleak dira nagusiki. Hala ere, azken urteetan beste adin-tarte bateko pertsonak ere batu dira, oso lan garrantzitsua egiten ari direnak. Hori dela eta adimen desgaitasuna duten pertsonentzako elkartetik fokua belaunaldi horretan jartzea erabaki dute. Izan ere, belaunaldi horrek, oro har, denbora libre gehiago izan dezake eta ekarpen haundia egin dezake.

Atzegin boluntariotza gazteen kontua dela egon daitekeen aurreiritziarekin hautsi nahi dugu eta motxila esperientziaz beteta eta ekarpen haundia egin dezaketen pertsona horiengana iritsi. Hala, Atzegitik interesa izan dezaketen pertsona guztiak bulegora gerturatzera edo 943 42 39 42 telefonora deitzera animatzen dituzte. irrikitan gaude pertsona horiek guztiak ezagutzeko eta haien profilera gehien egokitu daitekeen jarduera eskaintzeko.

 

Kanpaina Antzoki Zaharrean egingo den ekitaldi batekin amaituko da

Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko den kanpainarako aurreikusitako ekintzen artean, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte boluntariotza egiteko modu ezberdinak erakusteko.

Aurten, halaber, informazio-liburuxka bat eta bideo bat diseinatu dira. Kanpainaren amaierako ekitaldia azaroaren 5ean izango da, 18:30etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertan, kanpaina aurkezteaz gain, atzera begiratuko dute azken urtean bizitako guztia errepasatzeko. Bertara joan nahi dutenek atzegi@atzegi.eus helbidera idatz dezakete edo 943 42 39 42 telefonora deitu gonbidapenak eskatzeko.

Buruntzaldean 2024an 172 familia daude eta adimen desgaitasuna duten 167 pertsona. 97 kolaboratzaile daude eta 563 Atzegizale.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!