Azaroaren 29an izango da Bertso Gutiziak saioa, Basque Culinary Centerreko aretoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 00:00

Aretoa goraino bete izan da aurreko edizioetan.

Bertsoak eta sukaldaritza elkartuko dira Kronikak eta Basque Culinary Centerrek elkarlanean antolatutako saioan. Kronikakideek eta Doberako bazkideek astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, 30 euroan. 

Bailarako bertsozale, adi! Bailarako gutiziazale, adi! Bailarako bertso eta gutizia zale, oso adi! Berri eder eta pozgarri batekin beteko dugu gaurko Kronikaren kontrazala: azaroaren 29an egingo dugu Bertso Gutiziak saioa, Basque Culinary Centerren . Ostiral arratsalderako plan ezinhobea izango da, 19:00etan hasita. 

Bertso saioa izango da arratsaldeko lehenengo platera. Kantuan Unai Agirre hernaniarra, Eli Pagola ereñotzuarra, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia arituko dira, eta aurretik gaien errezeta prestatzeaz Aritz Zerain ereñotzuarra arduratuko da. Izaera bereziko saioa da Basque Culinary Centerrekoa. Bertsoek eta gastronomiak betidanik izan dute lotura estua, baina otorduetan islatzen da gehienetan. Aretoko giroak ariketa berezixeagoak probatzeko aukera ederra eskaintzen du. 

Aurreko edizioetan, esaterako, bertako ikasleek egindako platerei kantatzen ikusi izan ditugu bertsolariak, baita sukaldeko tresna xelebreenek zertarako balio zuten asmatu nahian ere. Aurtengoan berezitasun horri eutsiko dio Bertso Gutiziak saioak, eta ahozapore goxoarekin amaituko dute lehenengo platera entzule guztiek. 

Bertsolariek egin beharreko lanak bukatzen dituztenean, bertsotik gutizietara pasako da eszena. Basque Culinary Centerreko ikasleek prestatutako luntx-afaria da iluntzeko bigarren platera, askotariko jakiak dastatzeaz gain, saioak utzitakoak aletzeko aukera paregabea. Bailarako jendearen elkargunea izaten da otordua, eta giro goxoa sortzen da bertan. 
 

Kronikakideek eta Doberako bazkideek astelehenetik aurrera erosi dezakete sarrera

Bertso Gutiziak saiorako sarreren salmenta astelehenean bertan hasiko du Kronikak. Lehenengo bi asteetan Kronikakideek eta Dobera Euskara Elkarteko bazkideek izango dute lehentasun osoa, eta bakoitzak gehienez ere bi sarrera erosteko aukera izango du. Epe hori amaitzean, sarrerarik geratzen bada, gainontzeko herritar guztiek izango dute sarrera erosteko aukera. 

Sarrerak Kronikaren bulegoan egongo dira salgai, Hernaniko Larramendi kaleko 11. atarian. 30 euro ordainduta, bertso saioaz eta afariaz gozatzeko aukera izango da, Basque Culinary Centerreko hitzordu goxoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!