Gora egin du langabeziak ekainetik irailera, udaratik bueltan nabarmen hobetu arren

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 00:00

Zerbitzuen sektoreak izan ditu gorabehera haundienak, langabezia datuetan.

Hirugarren hiruhilekoaren hasieran baino zortzi langabe gehiago zeuden Urumea bailaran, amaieran. Gorakada haundia izan zen uztailean Astigarragan eta abuztuan Hernanin, baina ekaineko datuetara bueltatzen hasi dira, udaratik bueltan. Goizuetan, aldiz, ekainean baino hiru langabe gehiago daude une honetan. Duela urtebeteko datuen aldean, Astigarragan da egoera nabarmen kaxkarragoa aurten, 39 langabe gehiagorekin.

Garai ezegonkorra izaten da udara, langabeziari dagokionean: nabarmen egiten du gora langabe kopuruak uztailean eta abuztuan, eta aurreko datuetara gerturatu irailean, oporralditik bueltan. Halaxe gertatu da Urumea bailaran, aurtengoan ere; baina ekainean baino zortzi langabe gehiagorekin bukatu zen iraila: 1.077 langabe guztira, ekaineko 1.069en aldean. Hala diote SEPEk (Servicio Público Estatal de Empleo) kaleratutako azkeneko txostenek.

Datuak bereziki kaxkarrak dira Astigarragan eta Goizuetan, oraindik ez baitira urtearen erdiko datuetara itzuli. Astigarragan 256 langabe ziren irailean, ekainean baino 17 gehiago; eta Goizuetan 11 langabe, ekaineko zortzien aldean.

Hernanin, aldiz, ekainean bai­no hobeak dira langabezia datuak, iraileko txostenean: 822 langabe ziren hiruhileko hasieran, eta 12 gutxiago bukaeran (810), abuztuan langabe kopuruak nabarmen gora egin zuen arren.

Uztaila Astigarragan eta abuztua Hernanin, hilabete 'beltzak'

Bailara osoan egin zuen okerrera langabeziaren egoerak, udarako bi hilabete nagusietan; baina ez garai berean herri guztietan. Astigarragan, uztailean izan zuen gorakada nabarmenena langabeziak, eta ekainean baino 46 langabe gehiago izan ziren, 265 guztira. Abuztuan beste koxka bat egin zuen gora, 272ko langara iritsi arte.

Irailean hasi da bere onera bueltatzen, baina ez guztiz. Abuztuko datuen aldean 16 langabe gutxiago izan arren, ez da gerturatu abuztuko datuetara.

Kopuru bajuagoetan mugitu arren, antzeko joera izan du Goizuetak ere. Ekaineko zortzi langabeetatik, 10era igo zen kopurua uztailean, eta 12ra abuztuan. Udaratik bueltan jaitsi da koxka bat (11), baina ekaineko egoerara bueltatzetik urrun.

Hernanin, aldiz, bestelakoa da egoera. Bere kasuan, abuztua izan da hilabete 'beltza'. Uztailean 823 langabe ziren herrian, ia ekaineko berberak (822); baina hurrengo hilabetean 46 langabe gehiago izan ziren herrian (869). Udaratik bueltan, ordea, oso nabarmen egin dute hobera langabezia datuek, eta ekaineko kopuruetara bueltatu bakarrik ez, are gehiago jaitsi da langabe kopurua: 810 ziren lan bila zebiltzanak Hernanin, irailaren bukaeran; ekainean baino 13 gutxiago.

Aranoko datuak dira zehaztasun gutxienekoak. Izan ere, langabe kopurua bostetik beherakoa da uneoro, eta kasu horietan, ez du kopuru zehatza ematen SEPEk. Hori horrela, ekainean bezalaxe, abuztuan eta irailean ere ez da langaberik ageri Aranon. Uztailean, aldiz, langaberen bat bazegoela adierazten dute datuek.

Azken urteetako irail zailena, astigartarrentzat

2023ko iraileko datuekin alderatuta ere, Astigarraga da egoera zailenean ageri dena. Duela urtebete, orain baino 29 langabe gutxiago ziren herrian (227). Bailara osoan, urtebeteko epean okerrera egin duen herri bakarra da, langabe kopuruari dagokionez. Iazko irailean 812 langabe ziren Hernanin eta 13 Goizuetan (batean zein bestean, orain baino bi gehiago).

Duela bi urteko datuei erreparatzeak ez du laguntzen, Astigarragaren kasuan. Izan ere, 2022ko irailean 223 langabe ziren herrian. Hortaz, azken hiru urteetako irail zailena ari da izaten astigartarrentzat, lan munduari dagokionean.

Langabeen gehiengoa, emakumezkoak

Aldatu ez den joeretako bat, honakoa da: emakumezkoak dira langabeen gehiengoa, Urumea bailaran. Hernaniko eta Astigarragako datuak batuta, 651 emakumezko zeuden langabezian irailean, eta 415 gizonezko. Langabeen %61 dira emakumezkoak, hortaz.

Adinari dagokionez, berriz, 45 urtetik gorakoak dira gehienak. Langabeen erdia baino ge­hiago dira adin horretatik gorakoak (%52,5).

Zerbitzuetakoa, sektore kolpatuena nabarmen

Sektoreei dagokienean, zerbitzuetakoa da langabe gehien pilatzen dituena, ohi bezala. Iraileko datuen arabera, Urumea bailarako langabeetatik 796 dira sektore horretakoak, SEPEren arabera: 591 hernaniar, 197 astigartar eta zortzi goizuetar. Industriaren sektorea da bigarrena zerrenda horretan, baina 100 langabe ingururekin.

Era berean, zerbitzuen sektorea da hobera gehien egin duena udaratik bueltan, are langabe gehiago baitzeuzkan abuztuan: 642 hernaniar, 215 astigartar eta 10 goizuetar zeuden langabezian. Guztira 867 dira horiek, eta irailean 71 gutxiago izan dira.
 

Nafarroan eta Gipuzkoan, oso joera desberdina

Lurralde mailako datuei erreparatuz, oso joera desberdina izan dute Nafarroak eta Gipuzkoak, langabeziari dagokionean.

Gipuzkoan 28.465 langabe zeuden erregistratuta irailean, duela urtebete baino 560 gehiago. Lurralde osoko joera, Hernanin eta Astigarragan izandakoaren antzekoa da. Ekainetik abuztura nabarmen egin zuen gora langabe kopuruak (28.206 ekainean, eta 29.878 abuztuan), baina udaratik bueltan behera egin du berriro, eta 1.413 langabe gutxiago izan dira hilabeteko epean.

Nafarroan ere, iazko irailean baino langabe gehiago izan dira aurten: 29.612 azkeneko datuen arabera, iaz baino 306 gehiago (29.306). Baina gorabeherak oso bestelakoak izan dira, Gipuzkoaren aldean. Oso langabe kopuru altua izan zuen urtarrilean (30.663), eta nabarmen egin zuen behera ekainera bitarte (29.012). Ordutik, ordea, etenik gabe egin du gora langabe kopuruak berriro, eta ez da suspertu udaratik bueltan: abuztuan 29.407 langabe ziren, eta irailean 205 gehiago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!