Hil ala bizikoa Expositok bihar, Muruaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 00:00

Lau t'erdiko ligaxkaren bigarrena jokatuko du Gasteizen, eta irabazi beharra dauka, aurrera egiteko aukera izateko.

Agirreren kontra kolpe gogorra jaso ondoren, hil ala biziko partidua dauka bihar Hodei Exposito astigartarrak, Gasteizen. Ander Murua arrasatearraren kontra jokatuko du, arratsaldeko 17:00etan hasita, Ogeta frontoian.

Bigarren mailako Lau t'erdiko Txapelketan, ligaxkako bigarren partidua da jokatuko dutena. Estreinakoan biek galdu zutenez, biharko galtzailea ia aukerarik gabe geratuko da, finalerdietara sailkatzeko. Irabaziz gero, Expositok Iker Larrazabalen kontra jokatuko du pasea, azkeneko jardunaldian.

Gipuzkoako Txapelketa martxan, gaztetxoenentzat

Gazteen kategorietan, bestalde, Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketa hasi da aste honetan, eskuz banaka, alebin eta infantilentzat. 350 esku pelotari ariko dira guztira, eta horien artean daude Hernaniko 18 infantil eta zazpi alebin; eta Mundarroko 11 infantil eta alebin bat.

Nagusietan, datorren astean hasiko dituzte Gipuzkoako Binakakoaren kanporaketak. Semifinaletan ariko dira Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrak (ohorezko mailan) eta Eñaut Lizeaga eta Oier Gurutzealde astigartarrak (lehenengo mailan), ligaxkako lider bukatu ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!