Garaipen bat, berdinketa bat eta porrot bat, futbol talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 22a, 00:00

Mundarrok berriz irabazi eta gero, bost partiduetan ez du galdu.

Euskal Ligako neskek 0-0 berdindu zuten, Ohorezko Erregional mailako mutilek 4-3 galdu eta Mundarrok 0-1 irabazi.

 

Etxetik kanpo jokatzea egokitu zaie asteburuan hiru futbol talde nagusiei, eta askotariko emaitzekin itzuli ziren bailarara; Euskal Ligako neskek berdindu egin zuten Sestaon, Ohorezko Erregional mailako mutilek galdu Arrasaten eta Mundarrok irabazi Martutenen.

 

Sestao River 0-0 Hernani

Partidua aldapan gora jarri zitzaion Euskal Ligako nesken taldeari Sestaoko Galindo zelaian. 36. minutuan txartel gorria ikusi zuen Ane Castrejon atezainak, eta bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuen Hernanik. Egoera ikusita, puntu on bat lortu zuen taldeak, aurrean asmatu ez bazuten ere defentsa lanak txukun bete zituelako.

Une honetan sailkapeneko zazpigarren postuan dago Hernani, eta Eibarren aurka jokatuko du asteburu honetan, Zubipen.  

Mondragon 4-3 Hernani

Sekulakoa egiteko zorian egon zen Ohorezko Erregional mailako mutilen taldea. Oso itxura txarra hartu zuen Mondragonen kontrako partiduak; lehenengo zatian bi gol jaso zituen Hernanik, eta 80. minutuan 4-0 atzetik zegoen taldea. Azken minutuetan, ordea, susperraldi galanta izan zuten jokalariek, eta hiru gol sartu zituzten errenkadan: lehenengoa Ibai Larburuk (82 min.) eta ondorengo biak Eneko Segurak (83 min. eta 87 min.). Tamalez, ez zen nahikoa izan eta eskuhutsik itzuli zen Hernani Arrasatetik. Sailkapeneko 10. postuan dago.

Asteburu honetan etxetik kanpo arituko da berriro taldea, Vasconiaren aurka.

 

Amara Berri 0-1 Mundarro

Garaipen ederra lortu zuen Mundarrok larunbatean, Martuteneko zelaian. Xabier Pedronek sartu zuen partiduko gol bakarra 10. minutuan, eta hortik aurrera ondo eutsi zioten emaitzari astigartarrek. Porrotik jaso gabe jarraitzen du Mundarrok, eta sailkapeneko 5. postuan dago.

Asteburu honetan Zarkumendegira itzuliko da taldea, Mariñoren aurkako partidua jokatzeko. Irabazi ezkero, goiko postuetan finkatuko da Mundarro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!