Muniskuegañeko multzo megalitikora, Zilegimendietan barrena igandean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 21a, 00:00

Xabier Zaldua aditua, azalpenak ematen.

Dolmenak, cromlechak, zilegimendiak, saroiak, zuhaitz lepatuak, leku-izenak… ikusiko eta ezagutuko dira ibilbidean zehar.

 

Gutxi dira Gipuzkoan Muniskuegaña (Mulisko gaña) bezain toki kitzikagarriak. Lehenik eta behin, kokapenarengatik eta handik dagoen ikusmirarengatik; izan ere, besteak beste, behinola Urumeako Zilegimendiak izan zirenen zati haundia bertatik bertara ikusten da handik, gertu-gertu, esku-eskura. Hango mendiak, basoak, larretokiak, errekak…

Bigarrenik, Muniskuegañan dagoen multzo megalitikoarengatik: zutarri bikaina, zista bikoitz paregabea, hiru cromlech, zein baino zein dotoreagoak… Leku gutxitan dago horrelako arkeologia ondarea hain eremu txikian. Gainera, azken urteetan Hernani eta Urnietako udalek egindako ahaleginari esker, oso zaindua dago multzo guztia. Alde horretatik, atentzioa ematen du.

Aukera ederra eskaintzen du, beraz, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, urriaren 27an, igandez, goiz-pasa polita egiteko. Abiapuntua Urnietako Besadegi (Besabi) paraje ezaguna da eta hitzordua goizeko 10:00ak. Irteera eguerdiko 13:30etan amaituko da puntu berean.

Jarduerak 6 euroko prezioa du eta izena ematea ezinbestekoa da. 14 urtetik gorakoentzat da soilik. Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko: 943 49 42 48 / 688 89 50 68 telefonoetara deitu daiteke edota arditurri@gipuzkoanatura.eus idatzi. Ondorengo webgunean, www gipuzkoanatura.eus informazioa eskuratu daiteke.

Haraino iristeko bidea ere ez da hutsala. Paisaia zoragarriaz gainera (itsasoa eta Beterriko zati haundia ikusten da hainbat puntutatik), bidean zuhaitz lepatuekin, saroiekin, betizuekin eta beste hainbat altxorrekin goza daiteke. Eta, jakina, ezin ahaztui bide erdian dagoen Pozontarriko lepua izeneko dolmena.

Aztarna horiek guztiak behinola Urumeako zilegimendiek abeltzaintzaren eta basolangintzaren arloan zuten garrantziaz mintzo dira.
Hori guztia gutxi balitz, Muniskuegañeraino iristeko bidea erraza eta egokia da, edonork egiteko modukoa. Alde horretatik ez dago aitzakiarik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!