Gipuzkoako zerga-bilketa metatuak %2,1 egin du gora, aurreko urtekoarekin alderatuta. Guztira 3.677,7 milioi euro bildu dira irailean, 2023ko aldi berean baino 74 milioi gehiago. Diru sarrera gordinak %5,1 hazi dira, eta itzulketak, %14. Zuzeneko zergen bilketa likidoak %2,1 egin du gora, zeharkako zergenak %1,3 egin du behera eta Estatuarekiko egokitzapenenak %6,3 igo dira.
Irailera arte metatutako bilketan eragin positiboa izan duten faktoreen artean honako hauek daude: lan-etekinen gaineko atxikipenen diru-sarreren hazkundea, ondare-irabazien gaineko atxikipenak, BEZa, kapital higikorraren etekinen gaineko atxikipenak sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala eta baita sozietateen kuota diferentzialaren itzulketen murrizketa. Bestalde, irailera arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da BEZaren lurraldeen arteko doikuntzen sarrerak jaitsi direla. Horri gehitu behar zaio hilabete hauetan mutualistei egindako itzulketek izan duten eragin negatiboa.
Zergaz-zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak %10,3 igo dira, hau da, 149,9 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren sarrerak 35,1 milioi gutxiago izan dira, eta itzulketak 199,7 milioi hazi dira. Beraz, kuota diferentzial garbia 234,8 milioi euro jaitsi da irailera arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Horrekin guztiarekin, PFEZaren bilketa likidoa % 3,0 jaitsi da, hau da, 44,8 milioi murriztu da.
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatik sarrerak 44,6 milioi handitu dira irailera arte.