Hodei Lujanbio, Urdazubin nagusi eta Legazpin hirugarren

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Gaueko beste lasterketa bat irabazi zuen goizuetarrak larunbatez, eta podiumera igo zen hurrengo egunean ere.

Gustua hartu dio Hodei Lujanbio goizuetarrak, asteburu berean bi lasterketa egiteari; eta baita gaueko probei ere. Joan den asteburuan, Urdazubiko Gaueko Lanak lasterketan hartu zuen parte, beste urte batez; eta garaipena lortu zuen, 51:17 denboran osatuta 9,5 kilometroko ibilbidea. 12 segunduko aldea izan zuen Mikel Beunza bigarrenarekin.

Igandean, berriz, Legazpiko Korosti Trail proban aritu zen, 23 kilometroko ibilbidearekin; eta hirugarren sailkatu zen goizuetarra (2:04:47), Markel Urigoitiaren (1:59:12) eta Ioseba Eskuderoren (2:03:15) atzetik.

 

58 hernaniar eta 36 astigartar, Hiru Hondartzetako Krosean

Mendian beharrean, asfaltoan aritu ziren Hernaniko eta Astigarragako korrikalariak, joan den asteburuan. Ia 100 izan ziren Urumea bailarako partehartzaileak, Donostiako Hiru Hondartzetako Krosean, 10 kilometroko proban: 58 hernaniar eta 36 astigartar.

Ia 3.500 partehartzaile izan zituen probak, eta horietatik erdia baino gehiago izan ziren emakumezkoak: 1.742 emakume, eta 1.712 gizon. Bailarakoen artean ere, emakume gehiago izan ziren, gizonezkoak baino: Hernanitik 34 emakume, eta Astigarragatik 15.

Libe Lafuente astigartarra izan zen bailarako aurreneko emakumezkoa helmugan, 36garren, 42:43 denborarekin; eta handik gutxira helmugaratu ziren hiru hernaniar: Ane Lopez de Arregi 56garren (43:56), Itsaso Tolosa 57garren (43:57), eta Garazi Urdangarin 81garren (45:02). 50 minutuko langa bota zuten beste lau hernaniarrek ere: Andrea Isasa (48:07), Jone Peñagarikano (48:08), Miriam Rodriguez (48:39) eta Julene Etxeberria (49:10).

Gizonezkoen artean ez zen Urumea bailarakorik izan aurreneko 100 sailkatuetan, baina hortik aurrera, bederatzi sartu ziren aurreneko 200en artean, 40 minutuko langa botata: Ander Rengel (37:45), Juanma Garcia (38:17), Josu Peña (39:21) eta Ibai Goizueta (39:28) astigartarrak; eta Aitor Zudaire (38:03), Lucio Roman (38:10), Xabier Berra (38:11), Ander Salaberria (38:28) eta Xabi Gurutzeaga (39:14) hernaniarrak. 

 

Usoa Benito eta Ibai Alba, hirugarren Martutenen

Donostian bertan, beste lasterketa bat ere izan zen larunbatean: Martuteneko El Pilar Krosa (6,6 kilometro). Eta bi hernaniar izan ziren podiumean, bertan. Gizonezkoetan hirugarren izan zen Ibai Alba (21:13), Aitor Etxeberria igeldotarraren (20:11) eta Jon Elkano errenteriarraren (20:50) atzetik. Eta emakumezkoetan hirugarren sailkatu zen Usoa Benito ere (33:11), Nerea Baena arrasatearraren (25:24) eta Ana Royo donostiarraren (27:03) atzetik. Bailarako beste bost herritar ere aritu ziren bertan: Asier Lejardi (25:01), Ion Erauskin (28:55) eta Jose Luis Gutierrez (35:08) hernaniarrak; eta Koldo Goñi (36:13) eta Itziar Lekuona (36:16) astigartarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!