«Azken urteetako potenteena» izango da Binakako Txapelketa, bi mailetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Binakakoan parte hartuko duten erremontista gehienak, Oriamendiren eta babesleen ordezkariekin.

Gaur bertan hasita, momentuko lau bikote onenak ariko dira lehenengo mailakoan, eta bost bikote izango dira lehian bigarren mailakoan, estelarrak jokatzen dituzten zenbait erremonista tartean. Barrenetxea, Zubiri, Aiestaran eta Apezetxea, Urumea bailarako ordezkariak.

Formatua berrituta eta aspaldiko maila onenarekin. Halaxe aurkeztu zuten erremonteko Binakako Txapelketa, asteazkenean, Orona Fundazioaren egoitzan. «Azken urteetako potenteena» izango da txapelketa, Xabier Gonzalez Oriamendiko gerentearen hitzetan. Izan ere, momentuko lau bikote onenak ariko dira lehenengo mailako torneoan, aurreko edizioetan baino gutxiago; eta horrek ekarri du bigarren mailakoan aritzea normalean estelarretan jokatzen duten erremontistak ere. Bost bikote ariko dira horretan.

Bi mailen artean, lau izango dira Urumea bailarako ordezkariak: Endika Barrenetxea hernaniarra lehenengo mailan; eta Aitor Aiestaran hernaniarra, eta Aritz Zubiri eta Oier Apezetxea goizuetarrak, bigarren mailan.

 

Puntako lau bikote bi itzulitara, lehenengo mailako ligaxkan

Aurrez ikusita, oso bikote orekatuak dira lehenengo mailakoak, eta lehia bizia izango da haien artean. Beñat Segurolarekin ariko da Barrenetxea, Imanol Ansak eta Aritz Juaneneak elkarrekin jokatuko dute berriro, bikote nafarra osatuko dute Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek, eta Javier Urrizak eta Iban Larrañagak osatutakoa da laugarrena.

Ligaxkan ekingo diote, eta bi itzulitara ariko dira aurreneko fasean: bikote guztiek bi bider jokatuko dute elkarren kontra, alegia. Bederatzi astez jokatuko dute, larunbatetan, abenduaren 14ra arte (azaroaren 16an beharrean, 15ean izango da aste horretan). Set bidezko formatuan izango dira partidu guztiak: bi set 15 tantora, eta desenpatea behar izanez gero, 8 tantora hirugarrena.

Lehenengo bi setak irabazten dituenak, lau puntu eskuratuko ditu; desenpatean nagusitzen denak, hiru puntu; desenpatean galtzen duenak puntu bakarra; bi setetan galduz gero punturik ez; eta denera 15 tanto baino gutxiago lortuta, puntu negatiboa.

Formatua berbera izango da bigarren mailakoan, baina bikote bakoitzaren kontra behin ariko dira ligaxkan, bost bikote baitira: Aldabe-Aiestaran VI, Jabalera-Apezetxea, Goikoetxea V-Zubiri, Irazu-Zaldua I eta Gurrutxaga-Martirena.

Bi mailetan, ligaxkako lider bukatzen duen bikotea, finalera sailkatuko da zuzenean, abenduaren 28rako. Bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek, berriz, semifinala jokatuko dute abenduaren 21ean.

 

Aurreneko hiru partiduak, gaur

Gaur bertan hasiko da Binakako Txapelketa, eta hiru partidu jokatuko dituzte Galarretan, arratsaldeko 15:15etatik aurrera: Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II-Azpiroz aurrenekoan, Ansa II-Juanenea eta Segurola-Barrenetxea IV bigarrenean, eta Aldabe-Aiestaran VI eta Jabalera-Apezetxea hirugarrenean.

Sarrerak salgai daude hurrengo jardunaldietarako ere, oriamendi.eus webgunean; eta txapelketa osorako bonoak ere badaude eskuragarri.

Txapelketaren atarian, Urumea bailarako lau ordezkariekin hitz egin du Kronikak, bakoitzaren helburuak, erronkak eta hasi aurreko sentsazioak ezagutzeko.

 

ENDIKA BARRENETXEA 

Garbi dauka hernaniarrak, azkeneko txapelketen aldean, «orekatuenetakoa» dela aurtengoa lehenengo mailan; «eta zalantzarik gabe, maila altuenekoa. Partidu guztiak izango dira estelarrak». Aurreneko aldia izango du Segurolarekin Binakakoan: «Laguntzarekin jokatzen duenean, oso erraz aritzen da, eta horrek esan nahi du nik ere ondo egin behar dudala nire lana».

Txapelketak bi hilabeteko iraupena izanda, «mailari eustea» izango da gakoetako bat, Ba­rrenetxearen ustez: «Bikote bat ondo hasi daiteke, baina ea no­la bukatzen duen... gainera, bi itzulitara jokatzeak jokua eman­go du. Aurreneko itzulian despuntatzen duen bikotearen bila joango dira denak bigarrenean, gose gehiagorekin eta beste jarrera batekin, arriskatzera».

Txapel gosez dagoela aitortu du: «Binakakoan lau final jokatu ditut, baina bakarra irabazi. Hortxe nabil beti, eta horrelakoetan tokatu egiten da... Baina dagoeneko gogoa daukat txapel bat janzteko, ez naiz konformatzen gertu ibiltzearekin». Sasoi puntu onean iritsiko da, baina kezka txiki batekin ere bai: «Denbora gehiegi daramakit nire postutik kanpo, eta horrek beldur pixka bat ematen dit. Summer Seasonen aurrelari aritu nintzen, eta ondoren Buruz Burukoa izan dugu. Kokatzen kosta zait entrenamenduetan, baina zorionez txapelketa luzea da eta izango dut denbora guztiz finkatzeko».

 

ARITZ ZUBIRI 

Gogotsu helduko dio goizuetarrak, bigarren mailako txapelketari: «Oso gustura ari naiz une honetan, erremonteaz disfrutatzen. Hasieratik banekien, jokatzekotan bigarren mailakoan behar nuela, eta halaxe egokitu da. Konsziente naiz nire maila zein den, eta jokatze hutsarekin pozik nago. Hori bai, ez dut ezer oparituko, eta ahalik eta urrutien iristen saiatuko naiz». 

Ander Goikoetxearekin ariko da aurtengoan: «Normalean gaztegoekin jokatzea tokatzen zait, eta esperientzia puntua jartzea. Baina oraingoan Goikoetxearekin arituko naiz, eta berak ere badauka esperientzia pixka bat. Bikote beterano bezala jokatuko dugu, eta saiatuko gara gazteei kontra egiten. Azkenaldian jarraikortasun haundirik gabe dabil bera, baina ea joko puntu ona hartzen dugun, eta bikote gogorra osatzen dugun».

«Maila haundiko txapelketa» izango dela uste du Zubirik: «Aldabe, Jabalera edota Martirena, adibidez, normalean estelarretan jokatzen duten erremontistak di­ra, lehenengo mailako txapelketan aritutakoak; eta horiek bigarren mailan aritzearekin, asko eutsi beharko zaie horiei. Oso bikote potenteak ikusten ditut».

 

OIER APEZETXEA 

Pozik dago goizuetarra, txapelketan Aimar Jabalerarekin jokatzeko aukerarekin: «Oso momentu onean dago Aimar, eta kontuan izanda oso bikote indartsuak daudela txapelketan, polita izan da enpresak emandako aukera. Finalera iristen saiatuko gara, baina partiduz partidu joan beharra daukagu. Ahaleginduko naiz Aimarri laguntzen, ea berak tantoak bukatzen asmatzen duen, eta nik eusten dudan atzean». 

Iazko finala tanto bakarragatik galdu izanaren pena dauka Apezetxeak, «frontoia zegoen bezala, lepo beteta». Eta txapela janztea garestiago egongo da aurten: «Martirena, Zubiri, Goikoetxea, Aldabe... Estelarretako erremontistak dira, eta gu, berriz, bigarren mailan aritzen garenak. Beraz, guretzat oso txapelketa polita izango da, eta ilusioz helduko diogu».

Erremontean hasi zenetik, «gorabeherak» izan dituela aitortu du goizuetarrak: «Kostatzen ari zait erregulartasuna lortzea; batzuetan oso ondo, eta beste batzuetan oso gaizki. Baina tira, hortxe gabiltza lehian...».

 

AITOR AIESTARAN

Joan den urtean txapela jantzi ondoren, «gogo haundiz» helduko dio hernaniarrak, bigarren mailako txapelketari. «Aurten, gainera, txapelketa ezberdina da, normalean lehenengo mailan jokatzen duten erremontista batzuekin. Erronka haundia da aurten bigarren mailako txapelketa jokatzea, eta saiatuko gara gure onena ematen. Haien kontra aritzea, alde batetik ardura haundia da; baina, bestetik, oso eskaparate polita. Demostratzeko aukera daukagu, eta lagunduko digu ahalik eta gehien zukutzen gure gaitasunak».

Kemen Aldaberekin ariko da Aiestaran: «Pelotari haundia da bera, eta saiatuko naiz atzetik berari laguntzen. Kemenek bere onena ematen badu, eta nik ahal dudana, espero dugu paper txukuna jokatu ahal izatea».

Hernaniarrak aitortu du, «baju xamar» sentitu dela azkeneko boladan, Summer Seasoneko finalaren ondoren: «Baina badira aste batzuk berriro indarrez sentitu naizela, eta gorantza egiten ari naizela. Gustura egin ditut azkeneko entrenamenduak, eta txapelketa hasteko gogotsu nago».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!