Agin Laburu bihar estreinatuko da Eibarren Gipuzkoako Txapelketako final-laurdenetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 18a, 00:00

Agin Laburuk final laurdenetan hasiko du txapelketa.

Astebeteko atsedenaldiaren ostean, bihar hasiko da bigarren fasea. Etzi Gaztelumendi anaien txanda izango da, Errenterian.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bigarren fasea hasiko du asteburu honetan; bihar Eibarren arituko dira, eta etzi Errenterian. Astebeteko atsedenaldiaren ostean, heldu da bigarren fasea, eta hiru asteburuz jokatuko dira final-laurdenak, azaroaren 3ko Tolosako azken final-laurdenarekin amaitzeko.

Agin Laburu astigartarrak bihar arratsaldean abestuko du lehenengo aldiz, Eibarko Coliseo antzokian, 17:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, etzi, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek kantatuko dute Errenterian, Lekuona Fabrikan, hauek ere 17:00etan hasita.

Gainontzeko saioei dagokienez, urriaren 26an Azkoitian arituko dira Eli Pagola ereñotzuarra eta Asier Azpiroz 'Azpi'; urriaren 27an Irunen kantatuko du Eñaut Martikorena hernaniarrak; eta azaroaren 3an izango da Andoni Rekondo hernaniarraren eta Nerea Elustondoren txanda. Saio guztiak 17:00etan hasten dira.

18 bertsolari sailkatuko dira finalerdietara

Finalerdietan abesteko txartela lortzea izango da bertsolarien helburua. 24 final zortzirenetatik sailkatu dira, eta orain sartuko dira duela bost urteko finalistak.

Hortaz, 30 bertsolariren artean jokatuko dituzte fase honetako bost saioak. Bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da finalerdietara, eta gainerako 13 postuak puntuazioaren arabera erabakiko dira.

Finalerdiek mugarri garrantzitsua ezartzen dute Gipuzkoako Txapelketan. Izan ere, sailkatzen direnek esku eskura izango dute Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzeko txartela. Guztira 16 bertsolari sailkatzen dira Euskal Herrikora, eta kontuan izanda Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi jada sailkatuta daudela, aurreikuspena da finalerdietan dauden bertsolari guztiek abestea 2026ko BTN-n.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!