Hirutik hiru garaipen lortuta, asteburu ederra izan da futbol taldeentzat

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 15a, 00:00

Ibai Ezeizak sartu zuen partiduko lehenengo gola.

Etxean garaipen garrantzitsua lortu zuten Hernaniko mutilek, eta etxetik kanpo irabazi zuten Euskal Ligako neskek eta Mundarrok.

Asteburu borobila izan da bailarako futbol taldeentzat, hiru talde nagusiek lortu baitute garaipena. Zubipen mantendu zituzten hiru puntuak Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilek, eta etxetik kanpo irabazi zuten Hernaniko Euskal Ligako neskek eta Mundarroko mutilek. 

 

Hernani 2-1 Mutriku

2-1 amaitu zen Ohorezko Erregional mailako Hernani-Mutriku partidua. Hernaniarrak aurreratu ziren lehenengo zatiaren amaieran, Ibai Ezeizaren golari esker. Atsedenalditik bueltan Xabat Etxandik sartu zuen etxekoen bigarren gola, eta abantaila hori azken minutura arte mantendu zuten. Mutrikuk luzapenean murriztu zituen aldeak. Emaitza honekin bolada txarra etetea lortu du Hernanik, denboraldiko bigarren garaipena eskuratuta. Asteburu honetan Arrasaten jokatuko du taldeak. 

Bizkeneskak 1-2 Hernani 

Etxetik kanpo garaipen ederra lortu zuen Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak. Aurreko asteburuko emaitza txarrari buelta ematea lortu zuten, eta sailkapeneko seigarren postuan kokatu dira. Sara Riverok eta Cesia Sotok sartu zituzten Hernaniren golak, eta minutu gutxira lortu zuen Bizkeneskak taldeak bere gol bakarra. Asteburuan berriro etxetik urrun jokatzea egokitzen zaio Hernaniri, Sestao Riverren aurka. 

Touring 1-2 Mundarro

Mundarrok ere Zarkumendegitik kanpo lortu zituen hiru puntuak. Fanderian jokatu zuen, Touringen aurka, eta 1-2 irabaztea lortu zuen. Julen Godoy izan zen partiduko protagonista; Mundarroko jokalariak bi gol sartu zituen, eta ezinbestekoa izan zen garaipena lortzeko. Astigartarrek partidurik galdu gabe jarraitzen dute, garaipen bat eta hiru berdinketa dituzte oraingoz, eta asteburu honetan Amara Berriren aurka jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!