Lasoren aurka galduta, final laurdenetako ligaxkatik kanpo geratu da Iker Salaberria

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 14a, 00:00

Goizuetarrak ezin izan zuen larunbateko partidua irabazi; 22-6 amaitu zen norgehiagoka. Hodei Expositok aurrera egin du promozio mailan.

Sasoi betean iritsi arren, Iker Salaberria goizuetarrak ez zuen lortu final laurdenetako ligaxkara sartzea. Aurretik bazekien garaipena lortzea oso zaila izango zela, atarian aipatu zuen «gauza asko» egin behar direla ondo Unai Lasori irabazteko, eta larunbatean ezin izan zuen prestatutako guztia kantxan erakutsi.

Lehenengo atsedenaldi luzerako jada nabarmena zen aldea, 12-4 aurreratu zen Laso, eta norgehiagokaren bigarren zatian ere nagusi izan zen Baikoko pelotaria. Azkenean, 22-6 izan zen emaitza.

Partidua bukatzean Salaberriak Lasoren joko ona goraipatu zuen: «Gaurkoan uste dut gainetik pasa nauela, ez nuen lortzen mina egitea eta berak oso partidu ona jokatu du. Sakea nuenean ere oso ondo erantzuten zuen, eta hurrengo pelotakada atzetik eman behar izan dut aldiro. Gainetik pasa nau».

Expositok aurrera egin du promozio mailako txapelketan

Promozio mailako txapelketako ligaxkara sartzea lortu du Hodei Exposito astigartarrak. Atzo arratsaldean jokatu zuen final zortzirenetako partidua, eta 22-20 irabazi zion De La Fuenteri.

Bi zatitan banatu zen partidua. Lehenengoan oso azkar bukatzen ziren tantoak, eta asmatzea kostatu zitzaien bi pelotariei. Bigarrenean dexente gogortu zen nogehiagoka, eta amaierara oso berdinduta iritsi ziren.

Partidua amaitzean lasaitu ederra hartu zuela adierazi zuen Expositok: «Ez nago pozik, baina lasaitu ederra hartu dut. Lotuta sentitu naiz, urduri nengoen, frontoia ere arraro xamarra zen... Zorionez partidua ateratzea lortu dugu eta horrekin geratzen naiz».

Ligaxkan hiru partidu gehiago jokatzeko aukera izango du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!