Aldabe eta Azpiroz garaile, Kronikaren aldeko jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 13a, 00:00

Partidu politak jokatu zituzten erremontariek ostiral arratsaldean.

Finalean 20-12 irabaztea lortu zuten Aldabek eta Azpirozek, Segurolaren eta Juaneneraren aurka. 

Ostiral arratsaldean jokatu zen Kronikaren aldeko erremonte jaialdia. Bailarako herritar ugari elkartu ziren Galarretan, eta asko gozatu zuten erremontariek eskainitako partiduekin.

Lehenengo finalerdian azken momentura arte mantendu zen emozioa. Segurolak eta Juanenak tanto bakarrarengatik irabazi zuten Urrizaren eta Zubiriren aurka.

Bigarren finalerdian haundixeagoak izan ziren aldeak, eta hasieratik nabarmendu zen arratsaldeko bikote onena. Aldabek eta Azpirozek 20-7 irabazi zuten Jabaleraren eta Barrenetxea IV.aren aurka.

Final haundian ere, aurreko partiduko dinamikari eutsita, nagusitasunez irabaztea lortu zuten Aldabek eta Azpirozek: 20-12.

Giro ederra sortu zen Galarretako harmailetan

Partiduak jokatu bitartean giro ederra sortu zen Galarretako harmailetan. 300 lagun inguru elkartu ziren bertan, eta gogotik animatu zituzten erremontariak, tanto ikusgarrienetan batez ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!