Agerraldia egin zuten ostegun eguerdian, Tilosetan, Hernaniko ikastetxe guztietako zuzendaritzako kideek eta irakasleen ordezkariek. Bertan, GU GEOK plataforma aurkeztu zuten, herriko ikastetxeak batuta sortu dutena. Urtebeteko prozesua izan da, kezka batetik abiatuta: ikastetxeetan euskeraren erabilera eta euskal kulturaren transmisioa bizitzen ari diren moteltzea.
Prozesu horretan, galdetegi bat zabaldu zuten irakasle eta hezitzaileen artean, herriko argazki orokor bat osatzeko; eta hainbat joera antzeman dituzte. Besteak beste, sumatu dute euskeraren erabilera eta euskeraren egoerarekiko kontzientzia moteldu eta lausotu dela; eta euskal kulturaren transmisioa apaldu dela, eskolako ikasgai eta ekintza zehatzetara mugatuz. Era berean, nabaritu dute ez dela bereizketarik egiten hizkuntzen trataeran, «gizartean elebitasun orekatu batean biziko bagina bezala. Eleaniztasuna ulertzeko modu desegokia da hori, euskerak bizi duen egoera soziolinguistikoari eta gizartean nagusi den diglosi egoerari muzin egiten baitio», azaldu dute. Horrekin lotuta, uste dute ikasleei ez zaiela baliabide nahikorik ematen euskerak bizi duen «azpiratze eta minorizazio egoera» ulertzeko, eta gero eta konplexuagoa dela «diskriminazio positiboan oinarritutako neurri hezitzaileak aplikatzea, euskalduntze prozesua sustatzeko». Euskera bere unibertsotik bereizteko joera ere antzeman dute; «euskera, bere lurraldetik eta kulturatik bereizita transmititzeko joera, alegia». Eta horren harira, diote ikasmaterialak «muzin» egiten diola «euskeraren lurraldeari eta Euskal Herriaren errealitateari», geografia, ekonomia eta gizarte gaietan.
Diagnostiko horretatik abiatuta, beharra sentitu dute «euskal hezkuntzaren funtsezko printzipioa» zein den gogora ekartzeko: «Hezkuntza komunitate guztiari dagokio, irakasle, hezitzaile nahiz guraso izan, euskalduntze prozesuaren eragile aktiboa izatea. Guztiok gara euskera irakasle, eta euskeraren biziberritzean eredu izateko ardura daukagu ikastetxeok». Badakite eskolaz kanpoko faktoreek ere «eragin erabakigarria» daukatela, eta beste sozializazio eremu batzuetan ere jokatzen dela euskalduntzearen auzia. Baina beraien ekarpena egitea erabaki dute, «hezkuntzan jauzi bat egiteko».
Hori horrela, dekalogo batean bildu dituzte «gure herriak eta bertako hezkuntzak eman beharreko jauzien gakoak, eskola guztietatik euskeraren erabilera azkartzeko xedeari erantzuteko». Dekalogoa onartu eta bere egin dute herriko honako ikastetxeetako klaustroek: Aratz Ikastola, Elizatxo Ikastola, Hernani BHI Institutua, Hernaniko Haurreskola, Langile Ikastola, Txirrita Ikastetxea eta Urumea Ikastola. Dekalogoko puntuak garatu eta gauzatzeko konpromisoa hartu dute, bakoitzak berera egokituta.
DEKALOGOA
1. Euskararen diziplinarteko izaera indartu. Ikasgai guztiak eta ikastetxeko egoera guztiak dira ikasleen hizkuntza-gaitasunak eta hizkuntza-joerak hobetzeko abagunea, eta gutxieneko eskakizun hori barneratu behar lukete.
2. Euskal hiztun aktiboak hezi. Ez da aski euskara irakastea. Eskolak euskal hiztun aktiboak sortu behar ditu. Euskal unibertsoarekiko atxikimendua eraiki: arlo arrazionala eta emozionala garatu.
3. Soziolingustika ikasleen prestakuntza-arlo gisa. Heziketa soziolinguistikoa garatu, ikasleei gizartearen hizkuntza-praktikez hausnartzeko baliabide analitikoak eskaintzeko, eta ikasleen hizkuntza-jarreretan eragiteko. Diglosia modu kritikoan interpretatzeko gakoak eman.
4. Elkarbizitza eta kultura aniztasuna. Euskal kulturaren biziraupenarekin konprometitzeak aniztasunaren alde egitea dakar. Kulturartekotasuna hizkuntza eta kultura gutxituen ardatzetik landu, euskara eta euskal kultura guztion topaleku izan daitezen.
5. Arnasguneak eskoletan. Ikasleen multzokatze-ereduak berrikusi: hizkuntza-ohiturak zaindu eta indartzeko baliatu. Euskararen erabilera sustatu eta babestuko duten espazioak sortu.
6. Euskaldunon ahalduntzea. Euskaldun izateaz harro. Gure hizkuntza eta kultura eskubideak bermatu eta aldarrikatu.
7. Curriculumaren euskal dimentsioa jorratu. Euskal Herriko mendiak, artea, estatistika-datuak, pentsalariak, musikariak, youtuberrak…Euskal Herriko zazpi herrialdeak erreferentzia gisa landu Matematikan, Zientzietan, Teknologian, Gorputz hezkuntzan, Musikan eta gainerako arlo eta ikasgaietan.
8. Testuliburu eta material didaktikoak. Euskararen Herria (Euskal Herria) aintzat hartzen duten testuliburu eta materialak aukeratu eta erabili.
9. Euskarazko kulturgintzaren zaleak sortu. Gazteek euskarazko kulturgintzaren sorkuntzarekiko zaletasuna izan dezaten, estrategiak adostu. Berau ikastetxeen lan ildo bilakatu eta irakasle guztiak eragile bihurtu. Ekar ditzagun eskolara abeslariak, idazleak, aktoreak… Eskola euskarazko kulturgintzaz busti. Emakume zein gizon erreferenteak era orekatuan ekarri, emakumeen jakituria integratu, eta haien ekarpen sozial nahiz historikoa landu.
10. Hezkidetza eta euskara. Euskal Herriarekiko atxikimendua, oinarri hezkidetzaileak biltzen dituen ardatzak aintzat hartuta landu.