Askotan erabili izan da palmako erratza, lorategietan jartzeko edo moztu eta lorontzi batean etxean jartzeko. Zeinek pentsatuko luke edertzeko erabili izan den landare batek halako buruhausteak sortuko zituenik. Palmako erratza izenez ezaguna den Cortaderia selloana landarea plaga bihurtu da eta erritmo bizian ari da zabaltzen, batez ere, zonalde hezeetan. Hernani ere harrapatu du landareak eta Udalak kentzeari ekin dio, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz, martxan jarritako ekimenarekin batera.
Udalak egindako lanak zerbaiterako balio dezan, herritarrei eskatu die landarea ez inon sartzeko; ez dirudien arren, haziak berehala zabaldu eta beste lekuren batean hazi daitekeelako landarea. Gai honen inguruko ordenantza sortzeko asmoa ere badu Udalak.
Santa Barbaran, Akarregin eta Floridan foko nagusiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia elkartearekin batean, landarea kokatzeko inbentario bat egin du, herriz herri. Hernaniri dagokionean, Santa Barbaran (harrobi inguruan), Akarregin (gasolinera eta pabilioi inguruan) eta Floridan daude foko nagusiak. Baina Landaren, Eziago poligonoan, Andolan (Zikuñagan), Orbe-gozo inguruan eta beste hainbat lekutan aurki daiteke. Udalak azaldu duenez 5 edo 6 urtean landareak hektareak hartu ditu, eta mendi aldera ere jo du.
Azkar zabaltzen eta kalte ugari eragiten
Palmako erratzak hedatzeko duen ahalmena ikaragarria da. Alde batetik, hazi ugari sortzen ditu: kalkuluen arabera, eme bakoitzak milioi bat hazi sortzen ditu. Beste alde batetik, haizeak erraz eramaten du landarearen hazia eta oso azkar zabaltzen da. Honen ondorioz, kalte larriak ari dira sortzen: bertako landareak desagertzen ari dira, habitat naturala kaltetzen ari da, bioaniztasunaren galtzen ari da, eta ugaltzen den ingurua ezin da beste ezertarako erabili, beste arazo batzuen artean.
Landarea kentzeko sistema
Landarea kentzeko hainbat sistemarekin egin dute proba. Azterketen ondoren ikusi dute guztietan bat dela eraginkorrena, inguruan hezegunerik ez dagoenetan erabiltzen ari direna: landarea ondotik moztu eta landare ipurdia herbizida kimiko batekin tratatzen ari dira. Azaldu dutenez, landareak hiru metroko sustraiak ere izan ditzake eta sistema honekin sustraiekin akabatzea ere lortu dute.
Bestalde, azpimarratu dute orain dela garaia landarea kentzeko, izan ere, udazkenarekin batera hasten da landarea haziak ematen eta haizeak zabaltzen du.
Beste hainbat landare
Orain Palmako erratzarekin ari dira kanpaina egiten, baina Udalak azaldu duenez, herrian badira landare plaga gehiago, bertako espezie eta biodibertsitatea mehatxatzen ari direnak. Horien artean daude Buddeleja davidii eta Buddeleja variabilis izeneko landare beraren bi aldaera. Landare honek lore moreak sortzen ditu eta harkaitza dagoen lekuetan eta lur mugimenduak izan diren lekuetan barrena ari da zabaltzen, baita ezpondetan ere (taludetan).
Aipatu beharreko beste landarea Reynutrica japonica da. Landarea erreka bazterretan zabaldu da eta Ergobitik Epele bitartean erraz aurki daiteke.
Hego Amerikako eskualde epeletatik ekarria
Palmako erratza Hego Amerikako eskualde epeletatik dator, hau da, Argentina, Uruguay, Brasil hegoaldea eta Txileko kostaldetik. Europara XVIII mende amaiera aldera iritsi zen: lehendabizi Ingalaterrara eta lorategi landare bezala ezaguna egin eta zabaldu egin zen. Hainbeste erabili da landarea, mundu guztiko klima epeletara zein Mediterraneoko eskualdeetara zabaldu dela.
Gipuzkoara Santanderretik etorri zen; gertu dagoenez erraz zabaldu baitzen.