Erremontea eta sagardoa protagonista gaur Galarretan, Kronikaren aldeko jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 11a, 00:00

Oier Apezetxea pelota jotzen eta Josetxo Ezkurra makurtuta, Kronikaren aldeko erremonte jaialdian.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da erremonte txapelketa laburra, lau bikoterekin; eta herri kirolak izango dira aurretik, frontoiaren kanpoaldean. Jaialdiak iraun bitartean, sagardorik eta pintxorik ez da faltako.

Gaur izango da Kronikaren aldeko jaialdia Galarretan, eta erremontea eta sa­gardoa izango dira protagonista, arratsalde konpletoan. 17:00etan hasiko da jaialdia, frontoiaren kanpoal­de­an, herri kirol erakustaldiarekin: aizkoran ariko dira Kimetz Oñederra eta Igoin Pikabea, eta harrijasotzen Andoni Mujika 'Anatx' eta Andoni Saizar.

18:00etan, berriz, frontoi barrura mugituko da festa. Ordu horretan hasiko da erremonte txapelketa laburra, puntako lau bikoterekin. Aurreneko semifinalean ariko dira Urriza eta Zubiri, Segurolaren eta Juanenearen kontra; eta bigarrenean Jabalera eta Barrenetxea VI, Aldaberen eta Azpirozen kontra. Bi irabazleek finala jokatuko dute, 20:00ak aldera.

Partiduen arteko etenaldietan, Ttarlako dantzari gazteak aterako dira kantxara, dantza emanaldi bana eskaintzera. Eta bailarako sortzaileen postuak ere izango dira Galarretan bertan, harmailen atzealdean: joskintza produktuak, pitxiak...

Jana eta edana, nahi adina

Denetik edukiko duen jaialdian, sa­gardoa izango da prota­gonista nagusietako bat. Izan ere, bailarako 22 sagardotegik eskainitako sagardoa izango da aukeran, arratsalde osoan zehar: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Elutxeta, Eula, Gartziategi, Goiko-Lastola, Gurutzeta, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre-Gain, Lizeaga, Oialume Zar, Olaizola, Otsua-enea, Oyarbide, Petritegi, Rufino, Zapiain eta Zelaia.

Muztioa ere izango du nahi duenak, eta pintxo goxoak aukeran: patata tortilla, txorizo egosia eta urdaiazpikoa. Sarrera dutenek, doan izango dute aurreneko tragoa eta pintxoa. Galarretan bertan izango da sarrerak erosteko aukera, 14 euroan.

Aparkalekua doan, sarrerarekin

Tragoa eta pintxoa ez ezik, doakoa izango da Galarretako aparkalekua ere, sarrera dutenentzat. Horretarako, frontoiko txartel­de­gian emango diete aparkalekutik ateratzeko txartela. Gainera­­­koen­tzat, ordainpeko­a da Ga­­la­rretako aparkalekua, gonbidapena duten ikusleentzat barne.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!