Igande honetan Añarbeko presa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Euskerazko bisita gidatua antolatu dute urtegian bertan, eta instalazio guztietan barrena ibiliko dira azalpenak ematen.
Añarbetik honela laburtu dute igandeko ibilbidea: «Bisitariek presaren erraiak ezagutuko dituzte, galerietan zehar ibiliko dira, eta urtegia husteko maniobrak nola egiten diren ikasiko dute. Zentral hidroelektrikoaren funtzionamendua ere ezagutuko dute. Azkenik, urtegiaren goialdera iritsiko dira, eta urtegia inguratzen duen paraje ederra ikusiko dute, eta hobeto ezagutuko dute natura- eta paisaia-balio haundiko espazioa, penintsula osoko euritsuena».
Bertara joateko, autobusa jarriko du Añarbek, Donostiatik. Joanekoa goizeko 10:00etan aterako da Donostiako Renferen tren geltoki pareko autobus geltokitik, eta bisita amaitzean leku berera itzuliko da, 14:00ak aldera. Bisitan parte hartu nahi dutenek www.cristinaenea.eus webgunean eman behar dute izena.